Abian dira V. Urkome Sariak

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 29a, 11:46
V. Urkome Sarien aurkezpena, Merkatu plazan (Aritz Mutiozabal).

Proiektuak urriaren 1etik 31ra aurkeztu behar dira Urkomek Azpeitian duen egoitzan. Guztira, sei sari banatuko dituzte, atal ezberdinetan banatuta.

Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak saritzeko asmoz, Urkome Sariak aurkeztu zituzten atzo eguerdian Zarauzko Merkatu plazako lehen solairuan. Bi urtetik behin antolatzen du Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Hazi Fundazioa, Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkartearen laguntzarekin, eta aurtengoa egingo den bosgarrena da.

Aurreko urteetako dinamika eta funtzionamendu bera izango du: sariak sei ataletan banatuko dituzte, eta lehen bost ataletako irabazle bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu; seigarren ataleko sarifuna bozketa bidez erabakiko da, eta eskualdeko produktu sorta bat jasoko du.

Hona hemen atal bakoitza:

  1. Nekazaritza jardueraren sustapena.
  2. Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena.
  3. Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatzea.
  4. Landa eremuko balio-aniztasuna agerian jartzea.
  5. Iraurgi Berritzenek eta Urola Kostako Udal Elkarteak amankomunean emango dutena.
  6. Sari Irekia, bozketa bidez emango dena. Azaroaren 6tik 30era eman ahalko dira botoak Urkomeren webgunean.

Urriaren 1etik 31a bitartean aurkeztu ahal izango dira proiektuak Urkomeren egoitzan (Enpara kalea, 1-2. Azpeitia). Erakunde, elkarte, norbanako edota sektoreko enpresek har dezakete parte sariketan, baina ezinbestekoa izango da 2017-2018 urteetanUrola Kostan  garatu edo garatuko diren proiektuak izatea. Urkomeko batzordeburu eta Aiako alkatea Nekane Arrizabalaga arduratu zen egitasmoaren nondik norakoak azaltzeaz, eta iragarri zuen sari banaketa ekitaldia Azkoitiko San Andres Egunean izango dela, azaroaren 30ean.

Ekintzaileak sustatzea

Aldundiko lurralde orekako zuzendari Iñaki Labakak adierazi zuen aldundia "bidelagun" dela deialdi honetan. "Alde batetik, ekonomikoki lagunduko du, 13.000 euroko aurrekontua duen lerro honetan %65 finantziatuko duelako; hau da, gutxi gorabehera 9.000 euro. Bestetik, ebazpen mailan modu aktiboan parte hartuko duelako". Lehen sektorean ideia berriak aurrera emateko ekitzaileak behar direla nabarmendu zuen, gainera.

Iraurgi Berritzeneko lehendakaria eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriaren arabera, sariok "inportanteak" dira, "baina ez horrenbeste banatzen den diruagatik, baizik eta sustapenari balioa ematen zaiolako". Lehen sektorean "punta-puntako ideiak" badirela gaineratu zuen, eta "apustu egiteko prest" dagoenik ere badela, "sektore oso bat berritzeko". Baserriaz hitz egiteko eta lehen sektorea ikusarazteko baliagarria dela zehaztu zuen.

UKUEko lehendakari Igor Iturainek nabarmendu zuen landa eremura banda zabaleko azpiegiturak iristeko egiten ari diren lanak. "Azken finean, ezinbestekoa dira eremu horietan ere puntako proiektuak aurrera atera ahal izateko, eta munduarekin konektatuta egoteko". Alde horretatik, Urkome Sarien bitartez ideia berrien bultzatzaile izan beharra dagoela adierazi zuen, "guk ditugun zerbitzuak eta ezagutzak beraien esku jartzeko".