PSE-EEk ez du bat egiten udaletxean jarritako esteladarekin

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 30a, 13:34
Estelada dago jarrita udaletxeko fatxadan (Arizt Mutiozabal).

Kataluniako gizarte guztia ez duela ordezkatzen arrazoitu du Zarauzko sozialisten udal taldeak.

PSE-EE udal taldeak ez du bat egiten udaletxeko balkoian estelada jartzeko erabakiarekin. Osteguneko osoko bilkuran, Kataluniari elkartasuna azaltzeko EAJk, EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek bateratuta aurkeztutako eta onartutako mozioan hartutako erabakietako bat izan zen. PSE-EEk aurka bozkatu zuen, "esteladak ez duelako Kataluniako gizarte guztia ordezkatzen".

Zentzu horretan, "ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea eskatzen dugu, baita legalitarekiko errespetua ere". Era berean, elkartasuna adierazi nahi diete "proiektu independentistarekin ez identifikatzegatik indarkeriak eta erasoak jasaten ari diren pertsonei".