Urra txapeldunorde Euskadiko Harri Txikietan

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 2a, 15:40
Mikel Lopetegi 'Urra' (Hitza).

Aizarnazabalen jokatu zuten lehia atzo sei harri-jasotzailek. Aimar Irigoien nagusitu zen, eta hirugarren egin zuen Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak.

Atzo, igandea, Euskadiko Harri Txikien Txapelketa jokatu zuten sei harri-jasotzailek Aizarnazabalen, eta Aimar Irigoien errezildarra nagusitu zen lehian. 18:00etan hasi zen txapelketa, eta parte hartzaileek hiruna minutuko txanda bana egin zuten honako harri hauekin: 125 kiloko koadroa, 125 kiloko zilindro-kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola. Aimar Irigoien, Mikel Lopetegi Urra, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Xabier Peñagarikano, Julio Jimenez eta Gorka Etxeberria aritu ziren nor baino nor.

Irigoienek 12.862,5 kilo jaso zituen atzoko saioan, 110 altxaldi eginda. Bigarren Urra sailkatu zen, 11.987,5 kilo jasota, 103 altxalditan. Hirugarren Izeta IV.a zarauztarrak egin zuen, 94 altxalditan 10.975 kilo jasota. Laugarren, berriz, Xabier Peñagarikano sailkatu zen 10.600 kilo jasota, 91 altxalditan. Julio Jimenez izan zen bosgarrena 7.300 kilo jasota (63 altxaldi) eta Gorka Etxeberria seigarrena 6.087,5 kilo altxatuta (52 altxaldi)