Bailarako gazteei zuzendutako Euskararen Ginkana antolatu dute

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 3a, 17:37

Kutxa Ekogunea eta bailarako udaletako euskara eta gazteria zerbitzuak Urola Kostako Euskararen Ginkana antolatu du estreinakoz, eta gaur goizean aurkeztu dute Orioko kultur etxean. Lehiaketaren helburua da euskaraz eta euskararekin ongi pasatzea.

"Bost herrietako gazteak jarri nahi ditugu harremanetan, lehia sanoan, hain naturala zaien hizkuntzari buruz gogoeta egin dezaten, hizkuntzen ekologiaren ikuspegitik", jakitera eman dute antolatzaileek.

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako DBH 3. eta 4. mailako ikasleei –15 eta 16 urte arteko gazteei– zuzeduta dago, eta izena gaurtik urriaren 19a bitartean eman daiteke. Ginkanak lau proba izango ditu, online jokatuko direnak, eta eta puntu gehien lortzen duten lau taldeek finala jokatuko dute aurrez aurre Zarauzko gaztelekuan, 17:00etan, abenduaren 2an.

Talde finalistetako kide bakoitzak 50 euroko erosketa bonoa eskuratuko du, bailarako saltokietan erabiltzeko. Talde irabazleko kide bakoitzak, berriz, 100 euroko erosketa bono bana. Finalaren ondoren, festa izango dute gazteek.