«Momentu onean piztu naiz, gozatu ahal izateko»

Aritz Mutiozabal 2017ko urr. 4a, 08:00
Nahikari Gabilondo bertsolaria (Aritz Mutiozabal).

Sentipen onak ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketari begira. Edonola ere, finalerdietara sailkatzea ez dela bere helburu nagusia aitortu du Nahikari Gabilondok (Zarautz, 1978). Igandean lehiatuko da, 17:00etan, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan.

Hiru kanporaketa jokatu dira jada. Zer nolako maila ikusten ari zara saioetan?
Baigorrin ez nintzen izan, baina puntuazioa badakit zein izan zen eta kanpotik komentatzen dena. Larunbatean Seguran izan nintzen, Felix Zubiaren saioan, eta gauza oso politak entzun nintuen. Leitzakoa Bertsoa.eus atarian ikusi nuen, eta egia da makro-saio bat izan zela, izen oso handiak zeudelako eta oso ona izan zelako; lehenengo bostak finalerdietan daude. Ea geratzen diren hiru kanporaketetan zer gertatzen den.

Hori kontuan izanda, nola ikusten duzu zure burua kanporaketari begira?
Ni beti izan naiz oso urduria, txapelketetan bereziki, eta aurreko txapelketetako lehenengo saioetan tentsio handia nabaritzen nuen. Oraingo honetan, ordea, hori behar izan dut pizteko eta txapelketan sartzeko. Beste mila gauza egokitu zaizkit inguruan, eta ezin izan dut burua txapelketara begira jarri. Horrekin pixka bat larritzen ari nintzen; izan ere, txapelketa hastear zen eta ez nengoen motibatuta. Aurkezpen ekitaldiak eta lehen saioak, nolabit ere, pizteko balio izan zaizkit.

Niri dagokidanez, inguruan tokatu zaizkidan gauza askogatik, txapelketak asko erlatibizatu ditut. Niretzat orain zer-nolako garrantzia duen konturatu naiz, lehen beste bat ematen niolako. Orduan, besteek hobeto egiten badute, egin dezatela aurrera. Ni guztia ematera noa, baina ez noa sailkapenaren bila inondik inora ere. Gero, gauzak ontsa ateratzen badira eta hala izan behar badute, bada aurrera. Baina ez da nire helburu nagusia sailkatzea. Oso lasai nago alde horretatik.

Nerbio puntu hori berandu piztu zaizula diozu. Horrek erne egoteko balio badu ere, hanka-sartzeko arriskutsua ere izan daiteke.
Edonork sar dezake hanka, eta egoera iristen denean ez dakigu nola egongo garen. Baina aurretik jokatu ditudan txapelketetan, agian, aurrez denbora dezente urduri pasatu dudanean, pasata iritsi naiz eta lehenbailehen bukatzeko gogoarekin. Oraingoan, momentu onean piztu naizela uste dut, ez sailkatzeko, baizik eta gozatu ahal izateko.

Buruan dut duela bi urte Gipuzkoako Txapelketan Zestoan egindako final-laurdeneko saioa, eta ez lehen postuan sailkatu nintzelako. Hori beste opari bat izan baizen. Saio hartako opari handiena izan zen bizi nituen sentipenak; hau da, zer sentitu nuen etxetik irten nintzen momentutik bukaerako agurra kantatu nuen arte. Hori da txapelketa honetan bilatzen dudana.

Horren bidean aurkitzen al zara Zumaiako saiorako?
Orain puntu horretan nago. Gero, eguna iristen denean, batek daki! Gipuzkoako Txapelketako lehenengo saioetan asko sufritu nuen. Azkeneko Gipuzkoako Txapelketetan tokatu izan zait udaberriko fasea jokatzea, aurrekoetan Euskal Herrikora ez naizelako sailkatu; horiek udazkeneko fasean hasten dira bertsotan. Beraz, udaberrikorako hasten nintzen prestatzen, eta oso pasata iristen nintzen udazkenekora. Denbora luzez gauza berarekin buruan, alegia. Nik ulertzen dut plazaz plaza edota goi-goian dabiltzanak denbora gehiago pasatuko dutela txapelketa buruan dutela, baina helburuak ere ezberdinak dira. Niri luze egiten zitzaidan, eta oraingoa lehen aldia izan da txapelketa udazkenean hasi zaidana. Aurretik sufritutako urduritasunik gabe iritsi naiz, eta sentitzen naiz Zestoako saioaren aurretik nengoen bezala. Oso sentsazio onak ditut egun hauetan.

Txapelketa prestatzeko taldetxo bat osatu duzue, Felix Zubiak, Beñat Lizasok eta zuk, Iñigo Mantzizidor Mantxiren laguntzarekin. Era berean, Pello Esnal eta Nikolas Zendoiarekin ere aritu zarete lanean.
Gipuzkoakoan ere hala egin genuen; Zarauzko hirurok eta Beñat Lizaso elkartu ginen. Duela bi urteko Gipuzkoako Txapelketan jada txipa aldatu genuen pixka bat. Guztiok ditugu gure lanak, familiak eta beste gauza batzuk, eta bertsolaritza zaletasuna da guretzat. Horrenbeste urtez zaletasun horretan sufritzen egon ondoren, gozatzeko ordua dela erabaki dugu. Uste dut oso talde eta momentu polita lortu dugula. Duela bi urte gehitu zitzaigun Lizaso, eta gertukoa badugu ere, kanpotik zetorren eta horrek errespetua ematen zigun, beste seriotasun bat. Gero, Nikolasekin eta Pellorekin elkartzeak ez du preziorik. Pena emango digu txapelketa bukatzeak haiekin biltzeari utziko diogulako.

Sailkapena bilatu ez arren, Zumaiako zure kantukideak ikusita, finalerdietara sailkatzeko aukerak dituzula esan daiteke?
Harrokeriarik gabe, umiltasun osotik esanda, edozein gera daiteke lehen edo azken postuan geure multzoan. Ez dago izen potolorik, eta edonork edozer egin lezake. Nire kinieletan ez nago lehen postuan, iruditzen zaidalako beste batzuek ibili handiagoa dutela plazan, eta txapelketari dagokionez ere, beste helburu eta anbizio bat dutela; finalerdietako bigarren itzuliaren bila, adibidez. Hortaz, horiek beste lan bat egingo zuten, nik egin ez dudana, eta beste ikuspegi batekin joango dira saiora. Horrek kalte egin dezake, baina edozer gerta daiteke Zumaian. Oso-oso zabalik dago, oso antzekoak garelako mailaz.

Eta finalerdietara sailkatuko bazina, zer?
Txapelketa nagusian behin baino ez dut kantatu, orain dela 12 urte, eta lehenengoan joan nintzen kalera. Oso gaizki pasatu nuen, eta arantza bat geratu zitzaidan barruan. Oraingoan, nire helburua gustura kantatzea da, lehenengoan kalera joan behar badut ere. Finalerdietara pasatzea ez dakit oparia ala zigorra izango litzatekeen, gainera. Gustatuko litzaidake Zumaian emaitza on bat lortzea, guztioi gustatzen zaigulako gure lana baloratzea; aurretik egindako lanaren aitortza izango litzateke, alegia. Aitzitik, txapelketak egur handia ematen digu etxean. Izan ere, senarra gai-jartzaile taldean dago eta astero izaten ditu bilerak, eta ezin da horretaz hitz egin. Gu, berriz, astean bitan geratzen gara prestatzeko. Orduan, gure umeekin antolatzeko ere sekulako karanbolak egin behar izaten ditugu, eta aurrera jarraitzeak esan nahi du karanbola hori luzatu egiten dela, baita tentsioa ere.

Garbi esanda, ez dakit sailkatu nahi dudan. Nahiko nuke entzun nire izena lehen postuan, baina horrek esan nahi du egoerak segitu egiten duela. Ez sailkatzea ez litzateke inolako traumarik izango, baina ez sailkatze horrek esan nahi badu saio txarra egin dudala edo deseroso sentitu naizela, pena emango lidake.

Traumarik ez, orduan?
Nik badakit zein den nire tokia bertsolaritzan. Nire adinean eta eduki dudan ibilbidearekin, ez naiz hasiko plazaz plaza orain. Errealista izanda, agian beste batzuk egon behar dute hor, eta ho­ri onartzeko ez daukat arazorik. Orduan, nire helburua da saioan gustura eta eroso sentitzea.