Kosta Gastronomikako jardunaldiak egingo dituzte urriaren 13tik 15era

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 4a, 18:42
Kosta Gastronomikako jardunaldien aurkezpena egin dute gaur, Merkatu plazan.

Askotariko esperientziez gozatzeko aukera izango da hurrengo asteburuan Aian, Getarian, Orion, Zarautzen zein Zumaian.

“Gauza askogatik gara ezagunak mundu osoan, baina bereziki, gastronomiagatik". Kostaldeko herrietan gastronomiak duen "garrantzia" ikusita, Urola Kostako Udal Elkarteak eta kostaldeko herrietako turismo bulegoek Kosta Gastronomika proiektua abiatu zuten orain dela hiru urte. Hain zuzen ere, "haratago" joateko helburuarekin sortu zuten egitasmoa: produktuak eskaintzeaz gain, bertako baserriak, jatetxeak eta bizimodua bisitariei zabaltzeko, alegia.

Horren harira, eskualdeko "enbaxadore" nagusia–parrilla– zein herri bakoitzekoak–Aiako gazta, Getariako txakolina, Orioko bisigua, Zarauzko merkatua eta Zumaiako olagarroa– ezagutzera emateko hainbat esperientzia antolatu dituzte urte osorako. Bi asteburu barru, hilaren 13an, 14an eta 15ean, gainera, jardunaldi berezi horiez gozatzeko aukera izango da hainbat deskonturekin.

Aiari dagokionez, Lokate, Orortegi, Ramon Lizeaga, Agerre-Buru eta Maintzelai gaztandegiak bisitatuko dituzte parte hartzaileek. Artzainekin zein gaztagileekin egoteko aukera izango dute horiek, ardi, ahuntz edota behi gazta nola ekoizten duten bertatik bertara ezagutze aldera.

Bestalde, interesa dutenek Getariako "ordezkaria" den txakolinaren inguruko esperientzia bizi ahal izango dute herriko hiru upeltegitan: Akarregi Txikin, Elkanon eta Gainzan, zehazki. Txakolindegiak zein mahastiak bisitatu eta ekoizleen egunerokoa ezagutzeko bisitak eskainiko dituzte. Bukaeran pintxoak zein txakolina dastatzeko aukera ere izango da. Bisita hori egin nahi dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte.
Era berean, Orioko bi erretegik, Katxinak eta Xixariok, bisigua Orio estilora nola prestatzen duten erakutsiko diete izena ematen dutenei. Bukaeran, errezeta berezi horrekin sukaldatutako bisigua probatzeko aukera izango dute horiek, txakolinarekin lagunduta, 25 euroren truke.

Zarautzen kasuan, Merkatu plaza bera–bisita librea da irekita dagoenean– nahiz bertako produktuak ezagutzeko aukera izango da. Azken horri lotuta, lehenbiziko sektorea indartzeko udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urkomeren babesarekin, antolatutako Merkatutik zuretzat! 12 hilabete, 12 produktu zikloa baliatuko dute.

Zehazki,  txipiroiak eta tipularekin pintxo eta plater bana prestatuko dituzte Aiala sukaldaritza eskolako ikasleek hilaren 14ean, hurrengo larunbatean. Bertaratzen direnek, showcooking-a zuzenean ikusteko aukera izango dute, errezetak eskuratu ahalko dituzte eta bukaeran pintxoak dastatu, txakolinarekin lagunduta. Doan izango da jardunaldi hori, ohi bezala.


Zozketak

Horrekin batera, Zumaiako "biztanlerik zaporetsuarengana" gerturatuko du bisitaria Flyscheko olagarroa izeneko bisitak. Parte hartzaileek Geoparkeko itsaslabar eta bidezidorretan ibilbidea egingo dute, eta antzinan inguru horretan olagarroa nola harrapatzen zuten zein nola sukaldatzen duten ezagutuko dute. Esperientzi horretan ere pintxoa eta txakolina eskainiko dute dastatzeko. Kasu honetan, 15 euro ordaindu beharko dira pertsonako.

Bisitetan parte hartzeko izena eman zein informazio zabalagoa eskuratzeko Getariako (943-140957), Orioko (943-835565) eta Zumaiako (943-143396) turismo bulegoekin zein Aiako udalarekin jarri beharko da harremanetan, edota www.kostaldea.eu zein www.geoparkea.com atarietan sartu. Datorren asteburuko jardunaldiotan parte hartu nahi dutenek 5 euroko deskontuak eskuratzeko esperientzia bakoitzari dagokion turismo bulegoarekin harremanetan jarri beharko dute.

Era berean, Kosta Gastronomikako esperientzien zein produktuen zozketan parte hartzeko aukera izango da. Urriaren 15a bitartean Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulegoetan nahiz Aiako Udalean eskura daitezken txartelak betetzen dituztenek hiru esperientzia–Bisigua Orio estilora, Getariako txakolinaren txinparta eta Flyscheko olagarroa–, Zarauzko merkatuko produktuekin osatutako otarra edota Aiako gazta bat eskuratzeko aukera dute.

Ramon Lizeaga gogoan

Gaur egin dute Kosta Gastronomikako jardunaldien aurkezpena, Zarauzko Merkatu plazan. Bertan izan dira Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturain, Aiako alkate Nekane Arrizabalaga eta Enrique Fleischmann Getariako Txoko jatetxeko arduraduna, beste udalerrietako ordezkariekin batera. Ekitaldia baliatu dute pasa den maiatzean  zendu zen Ramon Lizeaga Aiako gaztagilea omentzeko. Fleischmannek adierazi zuen "oso harro" dagoela hura ezagutu izanaz, eta haren "pasioa, jakinduria, konpromisoa, motibazioa" nabarmendu ditu, besteak beste.

Aurkezpenearen amaieran, Lizeagaren irudiekin osatutako bideoa eskaini ondoren, Iñaki Olazabal artistaren eskultura bat eman diote haren sendiari.

Hurrengo asteburuko egitaraua

Hona hemen bi asteburu barrurako prestatu dituzten ekitaldien zerrenda:

Urriaren 13a, ostirala

- 11:30-13:00. Txakolinaren txinparta esperientzia, Getariako Akarregi Txiki txakolindegian.

- 13:00-14:00. Bisigua Orio estilora! esperientzia, Orioko Katxina jatetxean.

Urriaren 14a, larunbata

- 11:00-12:30.  Merkatutik zuretzat! jardunaldia, Zarauzko merkatuan.  

- 11:00-12:30.  Flyscheko olagarroa esperientzia, Zumaiako geoparkean. 

- 11:30-13:00. Txakolinaren txinparta esperientzia, Getariako Elkano txakolindegian.

Urriaren 15a, igandea

- 11:30-13:00. Txakolinaren txinparta esperientzia, Getariako Gainza txakolindegian.

Horrez gain, hiru egunetan Aiako gaztandegi zein baserriak bisitatzeko aukera ere izango da.

 

 

 

Erlazionatuak