Zarauztarrak hirugarren Gipuzkoako Xake Azkarreko Txapelketan

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 9a, 11:48
Erik Juez, Mikel Vicente, Jaime Arozena eta Jon Lertxundi.

Larunbatean Villabonan jokatu zuten txapelketa, eta Erik Juez, Mikel Vicente, Jaime Arozena, Pablo Arrondo eta Jon Lertxundik "azken urteetan halako txapelketa batean talde zarauztar batek lortutako emaitza onena" erdietsi zuten.

"Emaitza bikaina" zarauztarrentzat, "itxura ederra duen denboraldi berri eta itxaropentsu bati hasiera emateko". Hain zuzen ere, Taldekako Gipuzkoako Xake Azkarreko Txapelketan hirugarren egin zuten Erik Juez, Mikel Vicente, Jaime Arozena, Pablo Arrondo eta Jon Lertxundik larunbatean, Villabonan. ZKEko Xake sailetik gogoratu dute "azken urteetan halako txapelketa batean zarauztarrek lortutako emaitza onena" dela.

Jakinarazi dutenez, txapelketa hasieratik sailkapenaren goiko postuetan izan ziren zarauztarrak: lehen txandan Arrasate-Arlutz taldea garaitu zuten (3-1 eginez), bigarrengoan Anaitasuna Kakute (3,5- 0,5 eginez) eta hirugarrengoan etxeko Billabona C taldeak (4-0 eginez). Laugarrenean, berriz, heldu zen lehenbiziko porrota, Alfil A taldearen kontra (3-1).

Hurrengo bi txandetan Billabona A taldearen aurka berdindu zuten zarauztarrek, 2na eginez, eta Fomento Culturalen kontra galdu, aldiz, 3-1 emaitzarekin. Zazpigarrenean berriz ere berdindu egin zuten Hondarribi Marlaxka taldearekin (2-2), eta azken hiru txandetan garaitu: 0-4 Billabona Bren kontra, 2,5 - 1,5 Gros Xake taldearen aurka eta 0-4 Alfil taldearen kontra. Azken txandan Alfil A taldeak ez zien utzi zarauztarrei aurrea hartzen, eta 3-1 galdu zuten.

Hona hemen sailkapena:

  1. Fomento Cultural 31 puntu
  2. Alfil A 27,5 puntu
  3. Zarautz K.E. 27 puntu
  4. Billabona A 26 puntu
  5. Gros Xake Taldea 25 puntu
  6. Arrasate-Arlutz 20,5 puntu
  7. Hondarribi Marlaxka 20 puntu
  8. Alfil B 16,5 puntu
  9. Anaitasuna Kakute 12,5 puntu
  10. Billabona B 8 puntu
  11. Billabona C 6 puntu