Garaipen batekin hasi du Old Blacks taldeak denboraldia

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 10a, 18:57
Old Blacks eta Sporting 77 taldeetako jokalariak, partida hasi aurretik.

5-2 nagusitu ziren zarauztarrak Iruñeako Sporting 77 taldearen aurka.

Old Blacks beteranoen futbol taldeak bi aste daramatza entrenatzen, eta dagoeneko jaso du denboraldiko lehen aurkaria: Iruñeako Sporting 77. Baita irabazi ere. 5-2 nagusitu ziren zarauztarrak nafarren aurka. Aitortu dute atsedenaldira iristerako nahiko berdinduta zihoazela, baina ondoren, aurrea hartzea lortu zutela herritarrek. Ohi bezala, Galeperra elkartean lagun arteko afari batekin amaitu zuten jardunaldia.

Old Blacks taldeak duela 5 urte hasi zuen ibilbidea, eta aitortu dute urtetik urtero talde gehiago direla Zarautzera jokatzera etortzeko nahia agertzen dietenak. "Gaur egun zaila da guztiak gonbidatzea. Aldian behin partida batetarako tartea aurkitzea konplexua da guretzat, baina espero dugu aurrera begira partida gehiago antolatu ahal izatea", nabarmendu dute taldekideek.

Momentuz, Sporting 77 taldearen gonbidapena jaso dute zarauztarrek Iruñean hiruko txapelketa jokatzeko, etxekoen eta  Asturiasko Lealtad CF taldearen kontra jokatzeko. "Eta hau hasi besterik ez da egin", diote.