«Uharte miserable bat da nora itzuli ez duenaren bizitza; miserable izateari uzteko ezinbestean inora itzuli behar duela uste badu. Irtenbide bakarra bizipen berriei ekitea da». Martin Bidaur poetaren hitzak dira. Itzulera lehen poema liburua argitaratu berri dio Susa argitaletxeak. Begirada poetikoa jarri du iraganean; balizko eta ezinezko itzulera batean; eta, era berean, bizipen berri bati ekin dio. Zer izan liteke, bestela, estreinako poesia liburua plazaratzea.
Poemak idazten zituen lehen ere Martin Bidaurrek (Tolosa, Okzitania, 1996). Eta Itu Banda literatur kolektiboko kide gisa argitaratu ere bai Lekore aldizkarian. «Saiakeraren bat ere egin nuen aurreko poema batzuk lehiaketa batera bidali eta nonbait argitara ote zitezkeen. Baina ez ziren atera», kontatu du liburuaren aurkezpenean, umiltasunez. Baina, azken bizpahiru urtean— 2014ko irailean hasita—beste poema sorta bat bildu zuen: «Bilduma aldakor bat zen. Denborak aurrera egin ahala, poema berriak idazten nituen, eta beste batzuk zaborretara botatzen nituen, nolabait esatearren. Itu Bandakoek animatu ninduten poema horiek Susara bidaltzera, liburu bat osatzeko balio zezaketen edo ez ikusteko, benetan merezi ote zuten poema haiek...». Handik gutxira Gorka Arrese Susako editorearen deia jaso zuen: «'Zer, liburua aterako dugu, ezta?' esan zidan. Ezustean harrapatu ninduen», gogoratu du Bidaurrek.
Dei horretatik aurrera, beste bizipen berri bat, eta hazte prozesua. Gorka Arreseren laguntzaz gain, Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarri idazleena ere izan zuen hortik aurrera. «Liburua ikaragarri hazi da prozesu horretan, eta ez liburua bakarrik, ni ere bai. Liburuarekin batera aldatu egin naizelako, eta asko ikasi dudalako».
Haurtzarotik gaur egunera arte izan duen bilakaeraren haragiztatze poetikoa ondu du Bidaurrek Itzulera-n; «esperientzia intimo baten kontaketa» egin du. Eta, hasieran oso kontziente ez bazen ere, eguneroko poetikoaren forma hartu du lanak prozesu horretan: «Ikusten nion zentzu bat lanari, baina ez nekien zer zen. Orain bai ikusten dut eguneroko moduko bat, denbora tarte batean norbaiti gertatzen zaizkion gauzak modu pertsonalean kontatuak, eta era poetikoan, noski». Poemetan bildu ditu «oroitzapenak, lekuak, iragana aztertzeko nahi bat, eta batez ere, bizitzen jarraitzekoa».