«Sentimenduetan eta balioetan bideratzen saiatu naiz liburua»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko urr. 11a, 09:27
Joxe Enear (Utzitakoa)

Mi vida en una mirada eleberria kaleratu du Zarauzko bizilagun Joxe Enear eibartarrak. Gertuko pertsonen galerak sorturiko sentimenduekin idatzitako liburua dela aitortu du.

Hego Amerikan hasi zinen Mi vida en una mirada idazten. Hain zuzen ere, semea eta anaiaren heriotzaren ondoren joan zinen bidaiatzera, eta haiei eskaini diozu liburua. Omenaldia egiteko asmoarekin?
Hain gertuko pertsonak galdutakoan, gauza asko mugitzen zaizkizu barruan. Hego Amerikara bidaia egin eta horren ondorioz liburu bat idaztea ez zegoen planifikatuta, baina horrela sortu zen. Bidaian eguneroko bat idatzi nuen, eta eguneroko hori nire inguruko jendearekin partekatu eta gero, haiek animatu ninduten liburu bat idaztera.

Galera horien ondorioz sortutako sentimenduekin dago idatzita liburua. Nahiz eta planifikatutako zerbait ez izan, egokia iruditzen zait omenaldi bat dela esatea, eta haientzat eskainita dagoela jarri dut liburuko lehenengo orrian.


Joxe Enear ezizenarekin sinatu duzu. Zer arrazoi medio?
Pertsona barnerakoia naizelako erabaki nuen ezizen bat erabiltzea, eta horrela argitaratzea erosoagoa egingo zitzaidala pentsatu nuen. Ezizena nire semearen izenarekin (Eneko) eta nire anaiarenakin (Josetxo) osatuta dago.

Protagonista ETAkidea da; atentatu bat egiten du eta polizia baten heriotza eragin. Ondoren bidaia bat hasten du. Zergatik hartu duzu gai hori abiapuntu bezala?
Gure herriarekin oso lotuta dagoen gai bat da, eta irakurleentzat erakargarria izango zela pentsatu nuen. Alde politikoa albo batera utzi dut, eta sentimenduetan eta balioetan bideratzen saiatu naiz. Ez zen erraza, baina nire asmoa hori izan da.

Kontakizuna bera fikzio bat da, baina asko du errealitatetik, ezta?
Bai, fikzioa da. Nik bizi izan ditudan egoera batzuk daude nobelan, baita sentimenduak ere, baina istorio nagusia fikzioa da.

Eman dituzun hainbat elkarrizketetan adierazi duzu zure belaunaldikoek bizitakoa jaso duzula liburuan. Hausnarketarako asmoarekin?
70eko eta 80ko hamarkadetan umea nintzen, eta gertatutakoak era batean edo bestean euskaldun guztioi markatu gintuen. Hala ere, esan dudan bezala, nobelaren mezuak zerikusi gehiago du sentimenduekin eta balioekin, politikarekin baino.

Bertako testuinguru politikoa kontuan izanda, une honetan halako eleberri bat kaleratzea garrantzitsua dela uste duzu?
Istorioa idazten eta forma ematen hasi nintzenean, ez nuen kontuan hartu testuinguru politikoa. Nire asmoa ez zen liburu politiko bat egitea. Hala ere, ilusiozko momentu baten bizi garela uste dut. Kostata, baina azkenean bakean bizitzea lortu da, eta orain denon artean esparru honetan guk nahi dugun Euskal Herria eraiki behar dugu.

Zer-nolako harrera izan du liburuak?
Harrera oso ona izaten ari da. Erraz eta gustura irakurtzen ari da jendea. Deskribapenen xehetasuna eta sentimenduen inguruan nola jardun dudan nabarmentzen dute. Oso gomendagarria dela esaten dute, eta Garoa liburu dendan dago salgai.

Idaztea ez duzula ogibide diozu. Hala ere, lehenbizikoa kaleratzeak idazten jarraitzeko harra piztu al dizu?
Bai, asko gozatu dut prozesu guztia: istorioa asmatzen, idazten eta jendearen iritzia jasotzen. Idazten jarraitzea gustatuko litzaidake, baina ez da erraza denbora hartzea; izan ere, familiarekin eta lanarekin uztartu behar dut.