Aspaldiko amets bat ote zenuen liburu-denda bat sortzea?
Ez, ez. Gertatu egin zen. Nire kabuz negozio bat hasteko ideia banuen buruan, baina ez nekien oso ondo zer egin. Lagun batek eta biok beti hitz egin izan dugu horretaz, bion artean egin behar genuela zerbait, zeren beti protestatzen dugu gure lanengatik, eta pixka bat inkoformistak garenez, ba egoera hori aldatzeko gogoa geneukan. Gero berak bere bidea jarraitu du, eta nik neurea
Garoan lan egin dudanez, banuen esperientzia liburuzain moduan. Egia esan, lanean oso gustura nengoen, eta Groseko denda itxi eta gero, Tabakalerako espazioaren alokairuaren berri izan nuen. Egun bakar batean aldatu nuen txipa. Lehenengo fantasia bat iruditzen zitzaidan, baina, azkenean, buruari bueltak ematen hasi eta nire burua ikusi nuen liburu-denda bat irekitzen. Konturatu nintzen ilusioa egiten zidala, gertukoek ere animatu ninduten… Nik beti aprobetxatu izan ditut parean tokatu zaizkidan aukerak, eta, hau, azken finean, horrelako aukera bat izan da. Ideia hartu eta pixkana-pixkana burutu dut.
Garoan aritu zara liburuzain. Zer moduzko esperientzia izan da?
Balenciaga museoko gida nintzen eta, halako batean, Imanolek [Agirre] eskaini zidan Zarauzko dendan lan egitea. Kriston aldaketa egin nuen, egia esan. Orain dela lau urte hasi nintzen. Betidanik izan naiz irakurzalea eta mundutxoa ezagutzen nuen, baina irakurlearen ikuspuntutik, eta oso-oso ezberdina da. Argitaletxe batzuk ezagutzen nituen, baina bat-batean konturatu nintzen beste hogei mila zeudela… Liburuzaina baldin bazara zeure gustuez aparte besteenak ere ezagutu behar dituzu, gainera. Egia esan, ez zitzaidan gehiegi kostatu lanera egokitzea.
Bestalde, Garoa ez da liburu-denda arrunt bat. Paperezko Kontzertuak proiektu hasi zenean, lana jada ez zen bakarrik liburuak aukeratzea eta gomendatzea, bat-batean, kontzertuak antolatzeko aukera neukan, eta gertutik ikusteko. Lan bat oso monotonoa bihur daiteke, eta noizean behin horrelako eskapadak edukitzeak asko laguntzen du.