Helduei zein gazteei zuzendutako komedia bat da Tdiferencia taldearen obra hau. Maite Redin eta Adriana Olmedo bikotearen zuzendaritzapean, Esti Curiel, Eva Azpilikueta eta Maitane Perez igoko dira oholtza gainera.
Hona hemen sinopsia: "Bi emakume barrezka ari dira afterhour bateko azotean. Animalia-estanpatuzko minigonetan eta takoi jasanezinetan bildurik, faxa itogarri bat daramate ezkutuan. Nerabe bat iritsi ondoren, zerbait gertatuko da… urdurituko dira… zalaparta sortuko da, oihuak entzunen dira… “Baina, tira, Ama!!, zer egiten duzue hemen erdi mozorroturik diskotekaren atzealdean?” Horra hor nola hasten den haien bizitzako gaurik ero eta dibertigarrienetako bat. Hitz egin eta abestuko dute, irri egin eta edan, eta negar eginen dute… eta, poliki-poliki, izen bera duten eta herentzia kaltegarriren bat duten lau emakume horien istorioa xehatzen joanen da. Bi ero diskotekan emakume-komedia da, ama-alaben komedia, topaketa, haserreak… baina batez ere umorea erruz".