«Goxoki bat izan da mundu erreala eta irreala uztartzen dituen lan hau egitea»

Aritz Mutiozabal 2017ko urr. 11a, 18:20
Maite Bastos aktoreak ‘Errementari’ filman hartu du parte (Aritz Mutiozabal).

Zarauzko bizilagun Maite Bastos aktore oriotarrak Errementari filmean hartu du parte. Blanca izeneko pertsonaiari eman dio bizia; apaizaren laguntzaile lanak egiten dituen serora da bera.

Egunotan estreinatuko dute Errementari filma Sitgeseko nazioarteko zinema fantastikoaren jaialdian, baina Maite Bastos (Orio, 1954) ez da bertan izango. Aktoreek oraindik ez dute ikusi filma, eta irrikitan dagoela onartu du. «Beldur pixka bat ere badut.  Arroila-jaitsieran bezala, goitik begiratzen duzu eta justu putzura erori behar duzu. Sentipen hori dut, ea asmatu dugun zulora erortzen eta ez dugun arroka jotzen. Beraz, ikusteko amorratzen nago».

Ikusmin handia sortu du proiektuak, eta Bastosek badu horren zergatia. «Nik uste dut Euskal Herrian ez dela orain arte halakorik egin». Jose Migel Barandiaranek berreskuratutako Patxi errementaria elezaharrean oinarrituta dago, baina Paul Urkijo zuzendari gasteiztarrak bere ikuspuntua eman dio; tartean, karlistadak ere txertatu ditu. Jatorrizko ipuinaren «istorio paralelola bat» dela jakitera eman du aktoreak. «Zuzendariak askotan irakurri zuen ipuina txikitan, eta behin bere buruari galdetu zion zer gertatu ote zitzaion Patxiri horrelakoa izateko. Beraz, bere istorioa asmatzen hasi zen».

Kontakizunak fantasiatik as­ko du, eta ekoizpena bera ere ez da atzean geratzen. Horrek aparteko egiten duela azaldu du Bastosek: «Fantasiazko marrazki bizidunak egin dira gurean, baina honakoa benetako pertsonaiekin egindako istorio bat da. Pertsonaia errealak gara, baina aldi berean asko dugu komikitik. Hortik abiatuta, kutsu fantastiko ugari ditu, chroma eta efektu digital pila batekin, latexko pertsonaiekin... Ez da ohiko film bat». Gaur, bihar eta etzi Sitgesen ikusteko aukera izango da, eta hilaren bukaeran Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean emango dute.

Bastosentzat guztiz berezia izan da fantasiaren generoan lan egitea: «Ekoizpenean elkartu ginen aktoreoi sekulako ilusioa egiten zigun. Beste istorio batzuk egin izan ditugu, baina mundu erreala eta irreala uztartzen dituen lan hau egitea goxoki bat izan da».

Xehetasun guztiak ongi zaindu dituztela nabarmendu du. Esaterako, filmean darabilten hizkuntza. Ez dute euskara batua erabili, baizik eta garai bateko Arabako lautadako euskalkia. «Gure kezka zen ea ulergarria izango ote zen. Gidoia irakurri nuenean, txundituta geratu nintzen. Oso konplikatua zen, eta ez genekien hitz batzuek zer esan nahi zuten. Zentzu horretan, eztabaida handia egon zen, baina pixka bat moldatu egin zuten testua jendearentzat ulergarriago izan zedin. Izan ere, momentu batzuetan guretzako ere zaila zen testua ikastea». Nolanahi ere, horrek filmeari kutsu aberatsa eman diola iritzi dio.


Loteria tokatzea

Hautaproba kontuetan «trakets samarra» dela aitortu du Bastosek: «Ez naiz batetik bestera ibiltzen, baterako edo besterako jendea behar dutelako. Ez dut balio horretarako». Kasu honetan, etxera deitu zioten Blancaren papererako proba bat egin nahi ziotela esanez. «Nirekin batera beste hainbat zeuden, eta pentsatu nuen ez nindutela hartuko», bain hots egin zioten, eta «sekulako poza eman zidan». Loteria bat izaten dela adierazi du: «Tokatzen zaizu ala ez zaizu tokatzen, inoiz ez baitakizu zer nahi duten, zer bilatzen duten, gustatu zaien zure ahotsa edo zer... Hori oso subjektiboa da».

Blanca apaizaren laguntzailea da istorioan. «Serora da, baita neskamearen eta alabaren paperak egiten dituena ere. Denetarik pixka bat egiten du apaiza zaintzeko. Apaiza oso zaharra da, eta berak darama etxea, eliza eta beraien kargu dagoen umearen ardura», kontatu du.

Aktore bezala, Errementari bezalako lanetan «bi urtetik behin»  behintzat parte hartu ahal izatea gustatuko litzaioke. Baina badaki ez dela erraza. Ikus-entzunezkoen egungo egoera «desastre» samarra delako, «ETBtik hasita». Fikziorik apenas ez dela egiten nabarmendu du: «Orain, Go!azen estreinatuko dute eta kito!». Bere arabera, gaur egun telebistan «lan merkea» egiten dute gehiago: «Lan merkea izaten da kalera atera eta jendeari galderak egin, txorakeriak, pintxoak eta halakoak. Beste lan bat da profesionalok eskaintzen duguna: aktoreak gara eta guk edozer gauza egin dezakegu. Baina hori ez da aprobetxatzen. Zergatik? Ordaindu egin behar delako».

Euskal Herrian lan egitea oso zaila dela eta askok Madrilerako bidea hartu dutela gogora ekarri du, Goenkale telesailean kide izan zituen Miren Ibarguren, Gorka Otxoa eta Josean Bengoetxea aipatuz. «Batzuk bilatu dute lana, eta hortik dabiltza, baina horretarako  behar duzu gaztetasuna, gogoa eta abenturarako grina».  Berak ez du halako asmorik: «Hemen lasai bizi naiz, eta ez daukat konplikatzeko gogorik». Kontua patxada handiz hartu izan duela dio, eta zortea izan duela. «Ez naiz gehiegi kezkatu, eta egin ditudan lanak pixka bat ustekabean etorri zaizkit edo besteren batek kale egin duelako».

Goenkale telesailean egindako lanagatik eman zen ezagutzera. Hamabost urtez aritu zen bertan, baina badaki gaur egun halakorik ez dela suertatuko.  Horrenbeste denboraz Margariren paperean jardun izan bazuen ere, ez du uste pertsonaiak baldintzatu egin duenik bere ondorengo lanetan. «Batzuek buruhauste ge­hiago izaten dute horrekin. Ni, or­dea, oso pragmatikoa naiz. Ni­re pertsonaian sartzen naiz lanean, baina bukatzen denean, Maite naiz». Komedia, drama eta edozein generotan lan egiteko prestatuta daudela dio, eta sailkatzearen arazoa ez dela aktoreen arazoa, baizik eta filmak egiten dituzten arduradunena.

Erlazionatuak

Bideoa: Maite Bastosi elkarrizketa

Zarauzko Hitza 2017 urr 12 Zarautz