Etxe hutsak merkaturatzeko zein baliabide naturalen "zentzuzko" erabilera bultzatzeko proposamenak egin ditu oposizioak

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 14a, 17:28
Oihane Delgado, Mikel Goenaga, Ana de Benito eta IƱaki Eizagirre zinegotziak.

Boto partikular bateratua aurkeztu zuten EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek 2018ko ordenantza fiskalen harira. Ez zen aurrera atera proposamena.

EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek ordenantza fiskalei lotutako proposamen bateratua aurkeztu zuten osteguneko ezohiko udalbatzarrean. "Gure proposamenak etxebizitza hutsak merkaturatzea eta baliabide naturalen–ura eta espazio publikoa, besteak beste– zentzuzko erabilera bultzatu nahi zuen", adierazi dute. Ez zen aurrera atera, ordea. "Agintaldi honetan hirugarren urtez EAJ eta PSE-EEren ahotik hitz berak entzun ditugu: 'Ulertzen dugu zuen proposamena, koherentea da, konpromisoa hartzen dugu lantzeko...Baina aurten ez da posible izango' ".

Aurkeztutako boto partikularraren nondik norakoak azaldu dituzte oposizioko bi taldeek. Nabarmendu du "desadostasun handienak" Ondasun Higiezinen Zergari lotutakoak direla. "Etxebizitzak eraikitzea soilik izan liteke izan etxebizitza politika arduratsu eta iraunkor baten oinarri eta, horregatik, eraikitakoari ahalik eta etekin gehien ateratzea komeni da". Hori dela eta, EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek bi gain ordain proposatu zituzten, "alokairua sustatu eta etxebizitzak merkatura ateratzeko asmoz": batetik, %150ekoa guztiz hutsik dauden etxeei eta %75a gutxi erabiltzen direnei edota bigarren etxebizitzei.

"Eraikitako parke publikoaren erabilera arduratsu eta iraunkoarra bultzatu behar du udalak. Bide horretan, beste neurriekin batera, eraikita dagoen eta ohiko erabilera ez duten etxebizitzei zergan errekargu mailakatua ezarri behar da", nabarmendu dute. Horren helburua eraikitako etxebizitzek duten funtzio soziala aitortu eta horiek merkaturatzea litzatekeela diote, eta  horrekin batera, jabeek nahiko ez balute, udalik bertatik baliabide ekonomikoak lortzea bestelako politikak aplikatu ahal izateko.

"Hauteskunde kanpainan eta publiko egin zuten gobernu akordioan OHZ errekargua ezabatuko zutela iragarri arren, EAJk aplikatu egiten du gain ordain hori, baina ez behar bezala", salatu dute oposizioko bi alderdiek. "Gure proposamena, beraz, guztion arteko akordio proposamen modura aurkeztu genuen".

Famili ugariei hobariak eta hainbat zerga

OHZren inguruko proposamenaz aparte, familia ugariei zuzendutako hobarietan 20.000 euroko muga jartzea eskatu zuten EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek boto partikular bateratuaren bidez. "Zerga eta tasa bakoitzak berari dagozkion zehaztapenak izango baditu ere, irizpide orokor moduan muga jarri beharra dagoela uste dugu", zehaztu dute. "Udalak lagundu behar duena ez baita familia ugari izate hutsa, diru sarrera urriak dituzten bizikidetza unitateak baizik. Benetako beharra duenari laguntzea, alegia".

Era berean, espazio publikoaren erabilera "egokia" sustatzeko eta aparkalekuak dituzten ibilgailuen jabeek euren ibilgailuak aparkalekuan utz ditzaten, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan hobariak ematea proposatu zuten. Hain justu, TAOko txartela hartu beharrean euren autoa garajean uzten dutenei %25eko hobaria ematekoa.

Bestalde, udalak zein jaurlaritzak etxe hutsen programarekin bat egiteko lanen gainean beste proposamen bat gehitu dute bi udal taldeek: %5eko karga tasa orokorra beharrean, %2koa ezartzea, hain zuzen ere. "Programa horietan sartzeagatik behartzen diren lanetan, karga tasa orokorra beharrean, karga tasa malguago bat ezartzen da, asmo hori dutenei erraztasanak emateko", zehaztu dute.

Saneamendu eta estolderia zerbitzuaren, azpiegitura hidraulikoen eta edateko ur horniduraren tasari dagokionez ere hainbat proposamen egin zituzten. "Baliabide natural mugatu denez eta honen kontzientzian sakontzeko, urarekin lotutako tasetan aldeaketa orokor bat proposatu dugu. Etxebizitza bakoitzean erroldatuta dagoen pertsona kopuruaren arabera, zenbat litro kontsumitzen den kalkulatuko da eta, ondoren, gehiegi kontsumitzen dutenei errekargu bat aplikatuko zaie eta gutxiago dutenei hobari bat". Argitu dute helburua ez dela diru gehiago ala gutxiago biltzea,  baizik eta "modu arduratsuan jokatzen dutenak saritzea eta modu ez arduratsuan jokatzen dutenei gehiago kobratzea, kontzientziazioa zabaltze aldera".

Era berean, bigarren etxebitzitza edota etxebizitza hutsen jabeei prezio tarte handiena aplikatzeko proposatu zuten, egungo irizpideak mantenduz. "Sistema hau ez da berria, urrutira joan gabe, Gipuzkoako Ur Kontsorzioa duela urte batzuetatik ari da aplikatzen Gipuzkoako udalerrietan. Duela bi urte eskatu genion Udal Gobernuari neurri hori aplika zezan eta honek epe motzean ezartzeko asmoa agertu zuen baina, beste behin, ezezkoa erantzun dute".