Gaur izango da aurrekontuen inguruko prozesuko lehen bilera

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 19a, 13:10
Aurrrekontuen postontzietako bat, kiroldegi atarian.

19:00etan Iñurritza-Mendilautako bizilagunekin bilduko dira Udal Gobernuko ordezkariak, Iñurritzako jubilatuen elkartean. Dagoeneko jarri dituzte proposamenak jasotzeko postontziak.

Datorren urterako ordenantza fiskalak behin behinean onartu ondoren, aurrekontuen inguruko parte hartze prozesua antolatu du Udal Gobernuak. Herritarrek proposamenak jasotzeko helburuarekin zazpi bilera egingo dituzte; horietako bi aste honetan izango dira. Gaur 19:00etan Iñurritza-Mendilautako bizilagunekin bilduko dira, Iñurritzako jubilatuen elkartean. Bihar, berriz, Aritzabatalde-Azken Portu inguruko auzotarrekin izango dira Udal Gobernuko ordezkariak, Kristau Biltokian, 19:00etan.

Bileretara joan ezin dutenek bi bide izango dituzte iradokizunak egiteko: udaletxe aurrean, Herritarren Arreta Zerbitzuaren parean, Iñurritza auzoan, Aritzbatalde kiroldegia, udal euskaltegian, Vista Alegre auzoan eta Sanz Enea kultur etxean jarri dituzten postontzien bidez eta posta elektronikoz aurrekontuak@zarautz.eus helbidera idatzita.