"Ahaztuta daukagu umeen futbola jolasa dela oraindik ere"

Ane Olaizola 2017ko urr. 20a, 10:52
IƱaki Anso, ZKEko futboleko nesken koordinatzailea (Aritz Mutiozabal).

Lesio batengatik utzi zion Iñaki Ansok futbolean jokatzeari; ordutik, entrenatzaile lanetan aritu da hainbat taldetan, eta Zarautz Kirol Elkarteko futbol saileko nesken koordinatzailea da egun.

Umeen futbol partidetan gero eta sarriago ikusten dira gurasoen arteko liskarrak, entrenatzaileen eta epaileen aurkako irainak, edo beren seme-alabekiko jarrera lehiakorrak. Umeek txikitatik futbolean jasaten duten presioaz, lehiakortasunaz eta horien ondorioez ohartarazteko, Gurasoak eta jokalariak: adin goiztiarretik profesionalera dokumentala egin zuen iaz Iñaki Ansok (Donostia, 1960). Zarautz kirol elkarteak antolatuta, dokumentala emango dute asteartean, 19:00etan, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko aretoan, eta Ansorekin solasaldia izango da gero.

Zer jaso duzu Gurasoak eta jokalariak: adin goiztiarretik profesionalera dokumentalean?
Urte asko daramatzat futbolaren munduan, eta arduratuta nengoen gurasoek seme-alabekin zuten jarrerarekin. Guztiok ikusi izan ditugu irudi tamalgarriak futbol partidetan, eta dokumentala egitea otu zitzaidan gaiaz ohartarazteko eta arazoari irtenbide bat emateko. Futbol munduko hamabi lagun elkarrizketatu nituen: bitartekariak, soziologoak, teknikariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Realeko kideak, Gipuzkoako Entrenatzaileen Elkarteko presidentea… Hainbat ardura dituzten pertsonak dira guztiak, baina esateko asko du bakoitzak.

Zarautz kirol elkartean, futboleko nesken koordinatzailea zara. Partidetan, nolako harremana izaten dute gurasoek eta seme-alabek?
Gurasoak seme-alaben gainean egoten direla ikusten dut. Gaztetxoak, beraz, ez dira batere independenteak. Jakina da futbola goren-goreneko kirola dela, eta, beraz, guraso guztiek uste dute euren umea fenomenoa dela. Gurasoak, azkenean, jeloskorregiak dira seme-alabekin, eta gehiegizko eskakizun bihurtzen da hori. Tamalgarriak dira partidetan ikusten diren irudi batzuk; beldurgarria da kontua. Arlo horretan, Espainiako Estatuaren barruan, eraso fisiko gutxien izaten den lurraldeetako bat da Gipuzkoa, baina hemen ere izaten dira kasuak.

Gero eta gehiago jazotzen al dira halakoak?
Bai. Irudi beldurgarriak ikusten dira eskola kirolean eta umeen partidetan.

Umeek nola bizitzen dituzte halako portaerak?
Haurrari ez zaio gustatzen aita edo ama astakirtenen gisan oihuka ikustea. Epailearen, entrenatzailearen edo umeen euren aurkakoa izan daiteke oihua. Ume batzuek futbolean jokatzeari uzten diote gurasoak une oro gainean izaten dituztelako eta ez direlako eroso sentitzen. Eskakizun maila horrek ez die onurarik egiten psikologikoki.

Zein izan daiteke halako indarkeria kasuen jatorria?
Futbolaren kiroltasunean edo kiroltasun ezean egon daiteke jatorria. Beste kiroletan inondik inora ez da gertatzen halakorik. Bera Bera taldeko kudeatzailea elkarrizketatu nuen, adibidez; futbola izan ezik, beste kirol talde ugari ditu Bera Berak, eta inoiz ez dute izan arazorik gurasoekin. Futbola beste gauza bat da, ordea; guztia hartzen du futbolak, eta une oro ikusten dira jarrera ezkorrak eta errespetu faltak. Umeek ere hori ikusten dute, noski.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Gipuzkoako Hitza