Zarautzen jaio nintzen, duela 80 urte, Santa Marina kalean. Herriaren nire lehenengo oroitzapenak bizi-bizi ditut oraindik: mutil koxkor ginen garaian Zarautzek zer-nolako kalitatea zeukan». Musika plaza, hondartza, Munoa, Frontoi Txikia, zinemak, elizak, komentuak... haurtzaroan guztia «bertatik bertara» zegoela gogora ekarri zuen Xabier Unzurrunzaga arkitektoak, Zarautz 1850-2000. Hiriaren eraikuntza erakusketaren inaugurazio ekitaldian. «Egun baloratu behar da nola herria zegoen lotuta itsasoarekin eta inguruko nekazal guneekin».
Hasiera batean arkitekto zarauztarra Zarautzen eta Gipuzkoan zehar egindako lanak erakustekoa zen sorterrian. Iaz Unzurrunzagaren 50 urteko ibilia jasotzen zuen erakusketa antologikoa zabaldu zuten Donostiako Arkitektura Eskolan, eta proposamen horren lagin bat ekarri du, «niretzako inportanteenak direnekin». Zarautzen, esaterako, Zelai Ondo auzoaren urbanizazioa, Salbatore Mitxelena Ikastola, Zigordia kaleko Batzokia, Eguzki Lore nahiz Mendilauta bizitegiak eta Karmelitak-Iñurritza eremuko plan partzialaren xehetasunak ikus daitezke. Eskualdean, berriz, Getariako Potzuaga edo Azpeitiko Etxebeltz-Izarra proiektuak, eta Gipuzkoa mailan, Amarako geltokia eta Donostia, Usurbil, Tolosa eta Arrasateko zenbait bizitegi.
Baina bere ekarpenez haratago, ahalegin berezia egin du arkitektoak Zarauzko hiriaren eraketa eta bilakaera aztertzen. Hain zuzen ere, ildo horretatik bideratu du Sanz Enea kultur etxean paratu duen erakusketaren izenburua eta lehen zatia. «Dokumentazio asko dago han eta hemen Zarautzi buruz, baina guk arkitekto baten ikuspegitik egin dugu». Ikuspegi horretatik abiatuta, garai bakoitzeko eraikuntza eta espazio publiko berezienak nahiz nabarmenenak aztertu dituzte, 1237an herria sortu zenetik gaur egunera arte.
Jonathan Chanca eta Maria Izeta arkitektoen laguntza izan du erakusketa osatzerakoan. Proposamen xumea dela esan zuen Unzurrunzagak, baina era berean landua. Hiriaren eboluzioa azaltzeko orduan, gainera, plano historiko «garrantzitsuak eta originalak» topatu dituzte, eta horiek garai batetik bestera izan duten bilakaera ikusteko aukera eskaintzen du, lau fasetan banatuta: Erdi Arotik 1850ra, 1850etik 1900era, 1900etik 1950era eta 1950etik 2000ra; fase bakoitzean adierazgarriak izan diren eraikuntzak eta azpiegiturak daude nabarmenduta. Era berean, XX. mendean izandako hiri antolamendurako bost plan orokorren nondik norakoak jaso dituzte erakusketan.
Bizitza oso bat
Arkitekturari eta, bereziki, hirigintzari eskaini dio bizitza guztia Unzurrunzagak. «Eraikuntzak, kaleak eta plazak gizartearen isla dira, garai baten isla, eta ongi eginak badaude gizarte hobeago batean bizitzen laguntzen dute. Nire ustez hori da Unzurrunzagak egin dituen lan askoren ondorioa», nabarmendu zuen Xabier Txurruka alkateak erakusketaren irekiera ekitaldian. «Unzurrunzagaren obraz gain, Zarautzen garaipenaren inguruko azterketa aberatsa ikus daiteke erakusketa honetan», gaineratu zuen alkateak, egindako lana eskertuz.
Zarautz 1850-2000. Hiriaren eraikuntza erakusketa urriaren 11n inauguratu zuten, eta hilabetez egongo da bisitatzeko aukera; azaroaren 12ra arte, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Horrez gain, hiriaren eraketari eta garapenari lotutako hitzaldi bat eskainiko du arkitekto zarauztarrak datorren astelehenean, urriaren 23an. 19:00etatik aurrrera izango da saioa, Sanz Enea kultur etxean bertan.