Urola Kostako Udal Elkarteak aldi baterako 11 lanposturen deialdia egin du

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 20a, 16:53
Urola Kostako Udal Elkartea.

Lanpostuetarako eskaera azaroaren 7rako egin behar da, eskabidea Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan aurkeztuta

Urola Kostako Udal Elkarteak aldi baterako 11 lanposturen deialdia egin du 2017ko Enplegu Planaren barruan. “Deialdiaren xedea laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea da”, azaldu du UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak.

Lanpostuetarako eskaera aurkezteko azken eguna azaroaren 7a da. Eskabidea Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzara aurkeztu behar da: Urdaneta bidea 6, Zarautz.

Lan eskaintzara aurkezteko baldintzak ere zehaztu ditu UKUEk: emakumeak izatea, diru sarrerak bermatzeko errentaren titularrak izatea edota 55 urtetik gora izatea. Horiez gain, ezinbestekoa izango da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan langabe gisa inskribatuta egotea eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian erroldatuta egotea.

Kontratuak aldi baterakoak izango dira: sei hilabetekoak eta lanaldi osokoak, abenduan hasita. Luzapenik ez dutela izango ere zehaztu dute oinarrietan.

Aterako dituzten lanpostuak dira:

  • Mantentze lanetarako zortzi peoi (lorezaintza, pintura eta igeltseritza)
  • Lan arriskuen prebentzio arloko teknikari bat
  • Enplegu gune berrirako teknikari bat
  • Enpresen arteko lankidetza sustatzeko euskarrietarako teknikari bat

Oinarriak eta eskabide orria Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean daude.