Azaroaren 4an ospatuko dute Bertakoak ekitaldia

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 21a, 10:00
Bertakoak egitasmoaren aurkezpena (Aritz Mutiozabal).

Zortzi elkarte gastronomikok eta herrialdek hartuko dute parte, eta bertan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, hilaren 27ra arte.

Udaleko Immigrazio sailak antolatuta, azaroaren 4an egingo dute Bertakoak egitasmoaren laugarren ekitaldia, Hamaika jatorri, Zarautz bakarra lelopean. Bertan jaiotakoen eta kanpotik herrira etorritakoen artean integrazioa bultzatea du helburu, gastronomiaren bitartez; hau da, herriko elkarte gastronomikoetan elkartzea eta herrialde ezberdinetako jakiak elkarrekin prestatzea. Eta, ondoren, elkarrekin bazkaltzea.

Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziaren esanetan, "kultura aniztasuna aberastasun bat bezala ulertzen dugu eta immigrazioak herriari ekartzen dizkion onurak ezagutzera eman nahi ditugu. Azkenean, Zarautzen bizi garen guztiok bertakoak aldarrikatu nahi dugu. Berdin dio bakoitza nondik eta noiz etorritakoa den". Hala, egitasmoaren helnurua da "maiz elkarren ondoan, baina ez elkarrekin bizi garenok hurbildu eta esparru bat partekatzea", Zorrozuaren esanetan: "Urte hauetan lortu dugu. Urterik urtera, gainera, gero eta elkarte gehiagok hartzen du parte".

Julen Aranguren Immigrazio teknikariak adierazi du egitasmoa "bitarteko" bat dela. Alde batetik, herria gero eta anitzagoa dela azaltzeko, eta "horren erakuslehio izan nahi du"; eta bestetik, integrazio programa bat da. "Parte hartzaileen balorazioa oso ona izaten da, eta ohartu gara beste herri batzuetan ere gure ideia eredutzat hartuta antolatzen hasi direla", nabarmendu du Arangurenek.

Guztira, zortzi elkarte gastronomiko eta herrialdek hartuko dute parte: Iñurritza erretiratuen elkartean Marokoko janaria eskainiko dute; Galtxagorri elkartean Saharakoa; Batzokian Nikaraguakoa; Kurpilen Boliviakoa; Arkaitz Mendin Paraguikoa; Alkartasunan Senegalgoa; Arrano Kabian Guatemalakoa eta Ezkertokian Kolonbiakoa.

Parte hartu nahi dutenek HAZen eman dezakete izena, Kale Nagusiko 29. zenbakira jota, 943-00 51 00 telefonora deituta edot haz@zarautz.eus helbidera idatzita. Urriaren 27a izango da izena emateko azken eguna. 10 euro ordaindu beharko dira parte hartu ahal izateko, eta dirua ondorengo udal kontuetan sartu beharko da: Kutxabank-2095 5076 41 1060000246 edo Laboral Kutxa-3035 0029 62 0290900002.