Pagoeta elkartea berritzeko bilera deitu dute

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 22a, 10:00
Pagoetako kideak irteeretako batean.

Mendian ibiltzeko era aldatu egin dela eta, elkartea beste modu batean antolatu beharra dagoela iritzi diote. Bilera astelehen honetan izango da, 20:00etan.

Pagoeta Mendizale Elkartea eraberritzeko bilera egingo dute astelehenean (urriaren 23an), 20:00etan hasita, elkartearen lokalean. Saioa bazkideei eta ez bazkideei zuzenduta dago, eta halaxe helarazi dute deia: "Mendia baldin bada zure jolas eta gozamen toki, etorri zaitez".

Azken urteetan mendian ibiltzeko era aldatu egin dela nabarmendu dute Pagoetako kideek: "Mendia jolas toki bihurtu da, oinez ibiltzetik korrika egitera pasa gara, martxak karrera bihurtu dira, orientazio probak, mendiko bizikleta, mendiko eskia, eskalada rokodromoan egitea, argazkilariak edo mendia ikusi eta gozatzeko beste modu batzuk sortu dira". Horrekin batera, jendearengana iristeko edo komunikatzeko moduak ere aldatu direla diote.

"Hori dena ikusita, uste dugu elkartea beste modu batean antolatu behar dugula, eta aldaketa horren motorra korrikalari, ibiltari, eskalatzaile, eskiatzaile, argazkilari, bizikleta zale eta beste modalitate guztietan mugitzen zareten guztion artean egin behar dela", azpimarratu dute.

Halaber, herrian mendi elkarte bat egotea "beharrezkoa" dela iritzi diote, "ez bakarrik federatzeko tramiteak egiteko, baizik modalitate bakoitzeko jendea komunikatuta egon eta denon artean proiektu desberdinak aurrera eramateko". Gainera, "Pagoetak Mendi Elkarteak daukan tradizioa eta historioa zarauztarren artean ere uste dugu zaindu beharreko gauza bat dela".

Asteleheneko bileraren helburua horretaz guztiaz hitz egitea da, elkartea antolatzeko eta aurrera eramateko.