"Luze iraungo duen marka" egiten saiatuko da Izeta II.a

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 23a, 16:36
San Martin, Izeta II.a, Collantes eta Iraola, gaurko aurkezpenean. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

50 urterekin txanda bakar batean 10.000 kilo bizkarrera eramateko erronka jarri dio Joxe Ramon Iruretagoena Izeta II.ak bere buruari. Larunbatean saiatuko da marka hausten bere agurreko ekitaldian, Aritzbatalde pilotalekuan, 18:00etatik aurrera.

"Nire eguna iritsi da", aitortu du Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak. "Aspalditik nuen pentsatuta 50 urterekin eta momentu onean erretiroa hartzea". "Urte asko daramatzat honetan. Asko eman dit harriak baina iritsi behar zuen momentua, kirolari guztiek bezala, ibilbideari amaiera emateko".

32 urtez harria jasotzen ibili ondoren, duela hilabete batzuk erabaki zuen "garai guztietako harri jasotzaile onenetarikoak" txapelketari agur esatea. Hori dela eta, urriaren 28rako, datorren larunbaterako ekitaldi "oso berezia" antolatu dutela iragarri du Iban San Martin Kirol zinegotziak. Izan ere, erronka bat beteko du Iruretagoienak bere agurreko ekitaldian: txanda bakar batean 10.000 kilo altxatuko ditu, bi harrirekin.

Ekitaldiak hiru zati izango dituela jakinarazi du Juan Mari Iraola ZKEko Herri Kirol saileko lehendakariak, eta lehenbizikoa izango da nagusia: orduan saiatuko da Izeta II.a bere buruari ezarritako erronka aurre egiten. 50-50-50 deitu dio harri jasotzaileak berak probari. Hain zuzen ere, 50 urterekin, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko zilindroa bakoitza 50 aldiz jasotzen saiatuko da. Bigarren hori, gainera, esku bakarrarekin. Modu horretan, txanda bakar batean eta atsedenik hartu gabe, bizkarrera 10.000 kilo eramateko saiakera egingo du.

Egin beharreko lana "gogorra" izango dela aurreikusi du Iruretagoienak, baina nabarmendu du "marka berezia" eginez agurtu nahi zuela. "Gogorra izango da, bereziki, bi harri izango direlako eta bigarrengoa esku bakar batekin altxatuko dudalako". Adierazi du orain arte ez dela halako erronkarik aurrera eraman: "Neu izango naiz lehenbizikoa marka hori egingo duena". "Luze iraungo duen marka izango da", gaineratu du Iraolak.

Aurreratu du "nahiko ongi" dagoela prestatuta erronkari eusteko, eta bere nahia dela ezarritako lana 20 minutuan baino gutxiagoan burutzea. "Pentsatzen dut lortuko dudala", dio.  "Agur eder batekin, espero dut jaialdi polita izango dela".

24 harri jasotzaile eta 4 aizkolari

Ekitaldiko bigarrengo zatian, berriz, Iruretagoienarekin "hainbat urtean" plazaz plaza lanean jardun duten hainbat harri jasotzailek eta aizkolarik erakustaldia eskainiko dute. Guztira, 20 harri jasotzailek hartuko dute parte, besteak beste, Mikel Lopetegi Urra, Iñigo Eizagirre Eiza, Xabat Olaizola, Xabier Peñagarikano, Jagoba Otaegi, Agustin Iruretagoiena Izeta I.a, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Imanol Illarramendi Kortaberri, Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi, Urtzi Telleria, Beñat Telleria, Josetxo Urrutia, Aimar Irigoien, Jose Antonio Gisasola Zelai, Jon Gisasola, Inar Urruzuno, Idoia Etxeberria, Estitxu Almandoz eta Karmele Gisasolak. Horiez gain, lau infantil ere ariko dira harria altxatzen. Aizkolariei dagokienez, Fausto eta Ugaitz Mugertza aita-semeek Xabier Orbegozo Arriya V.a eta Luis Txapartegiren kontra neurtuko dituzte indarrak.

Ekitaldia biribiltzeko, oroimenerako unea izango da. San Martinek eskerrak eman dizkio Iruretagoienari kirol hori sustatzeko egin duen lanagatik: "Euskaldunon eta gure herri kirolen ezaugarri zein baloreak plaza guztietara eraman ditu, besteak beste, AEBetara, Japoniara eta Argentinara". "Euskaldunon nortasunaren eredu" izan dela dio, eta "gure kultura mundu mailan zabaltzen" lagundu duela. Hori dela eta, zarauztarrak ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu. Harekin bat egin du Esteban Collantes ZKEko presidenteak: "Iruretagoienak bizitza guztia eman du harriaren bueltan. Lortutako marka eta garaipenez gain, ZKEko Herri Kirolen sailaren alde egindako lana aitortu nahi diot. Horregatik, zarauztarrak ekitaldira bertaratzeko eskatu nahi duen, merezi duen agurra eskaintzeko".

Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Aritzbatalde pilotalekuan, eta ordu eta erdi inguru irango du. Sarrera doan izango da, Izeta II.ak hala eskatuta.

Erlazionatuak