«Dendetan egiten dena ez da salerosketa hutsa, askoz haratago doa»

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 23a, 16:26
Miren Larrañaga, Murkileko lehendakaria (Aritz Mutiozabal).

Murkilek Merkataritza Astea antolatu du; igandea bitartean egindako erosketak doan atera daitezke Murkil txartelarekin. Antzerkia, txu-txu trena eta txaranga antolatu dituzte, kale ekintza gisa.

Murkil Zarauzko Merkatarien Elkartearen eskutik, Merkataritzaren Astean murgildu da herria; gaur abiatu dute eta igandea bitartean iraungo du. Hala, aste honetan Murkil txartelarekin eginiko erosketak doan irten dakieke bezeroei; hiru erosketetatik bat saritua izan ohi da, gainera. Era berean, Zarauzko Agenda 21en eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin poltsa berrerabilgarriak atera dituzte, eta bezeroen artean banatuko dituzte.

Herriko merkatariek urtero ospatzen duten aste hau «ez da kanpaina soil bat», adierazi du Murkil elkarteko lehendakari Miren Larrañagak: «Dendariok egunerokotasunean bezeroekin dugun harremanetik sortutako festa bat da, herriko dendetan egiten dena ez baita salerosketa hutsean gelditzen, askoz haratago doa».

Hori dela-eta, aurten ere ekintzak antolatu dituzte kalean, «dendak kaleetan egoteak duen garrantzia islatzeko». Herritarrekin komunikazio zuzenagoa lortze aldera, antzerki berezi bat antolatu dute ostiralerako. Borobil taldeak eskainiko du, 18:30ean hasita, Lege Zaharren enparantzan, eta Larrañagaren esanetan, «ikuslea partaide bihurtuko da, aktorea bera bezalaxe eta hauen artean sortzen den lotura erabat bat dator merkatariok bezeroekin egunero izaten dugun harremanarekin». Ikuskizunean parte hartzen dutenen artean, gainera, 100 euro zozkatuko dituzte; parte hartzen dutenei poltsa berrerabilgarria oparituko diete.

Larunbatean, egunean zehar, txu-txu trena ibiliko da kalez kale, eta «herriak komertzialki duen aberastasuna» erakusteko balioko duela nabarmendu du Murkileko lehendakariak. Arratsaldean, berriz,  txaranga batek girotuko du herria.

Egun, ehun dendek osatzen du­te Murkil, eta 3.000 lagunek baino gehiagok dute txartela.