Lehen garaipena Ulacia Grupo taldearentzat

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 23a, 18:43
Ulacia Grupo jokoan Valladolideko taldearen aurka (Elena del Hoyo).

Hamar puntuko aldearekin hartu zuen mendean Universidad de Valladolid taldea (71-61).

Denboraldiko lehen garaipena lortu zuen atzo arratsaldean Ulacia Grupok, Universidad de Valladolid taldeari 71-61 irabazita, Aritzbatalde kiroldegian. Erritmo biziko partida izan zen hasieratik, nahiz eta bi taldeek ero samar ekin, joko alai eta saskiraketa askorekin. Zarauztarrak alde politarekin iritsi ziren lehen laurdenaren amaierara (25-15), baina aurkariak ez zuten amore eman eta edozein akats ongi baliatzen saiatu ziren. Hala, bigarren laurdenean saskiratze errazagoak lortu zituzten, eta atsedenaldira 9 puntuko abantailarekin joan ziren aldagelara etxekoak.

Hirugarren laurdenean antzeko jokoa izan zen, akats nabarmenak egin baitzituzten bi taldeek, baina Valladolideko taldea aldeak murrizten joan zen, lau puntura jarriz. Azken txanpan, ordea, Ulaciak susperraldia izan zuen eta, azkenean, 10 puntuko tartearekin irabaztea lortu zuen. Garaipen garrantzitsua lortuta, datorren jardunaldian Zornotzan talde indartsuaren kontra jokatu beharko du bisitari modura.

Ulacia Grupo eta Universidad de Valladolid taldeen arteko lehiaren aurretik, ZASTeko aurtengo talde guztien argazkiak atera zituzten, baita familiako argazkia ere.