"Pastelak erresistentzia sinbolo bihurtu dira"

Ainitze Agirrezabala 2017ko urr. 24a, 17:42
'Zorrak zor' filmeko irudi bat.

Zilarrezko Antzara jaso du Bertol Arrietak Lekeitioko Euskal Zine Bileran, Zorrak zor dokumentalagatik. Gidoiaren sari profesionala eman diote egile zarauztarrari, eta oroigarriaz gain, 1.600 euro eman dizkiote.

Badira hiru urte, Modesto eta Bertol Arrieta aita-semeek Hamalau heriotzena sorta ezagunaren jatorrizko bertsopaperaren kopia bat aurkitu zutela Euskaltzaindiaren liburutegian. Arrieta semearen esanetan, bertsoak anonimoak dira, eta morroi batek baserri batean egindako krimena kontatzen da horietan. Bertso sorta horien jatorria eta edukia aztertzeko helburuarekin hasi zuten ikerketa lana aita-seme zarauztarrek, informazio osagarria izan dezaketen hamaika lagun elkarrizketatuta.

Ikerketa lana ardatz, arrietatarrek asteazken arratsaldero solasaldi sakonak izan dituzte, eta senak aginduta, guztiak kamera txiki baten erretinan grabatu ditu Bertol semeak. Hamaika gairen inguruan "luze" aritu dira aita-semeak, harik eta asteazken arratsalde horietako batean, aitak kontatutako familiaren zor bati buruzko "istorio berezi” batek semearen arreta deitu zuen arte. “Gerrako drama txiki baina garratz bat da. Aitak esan zidan bere aitonaren lau anaia gudarik errepublikarrekin egin zutela borroka Espainiako Gerran. Denbora batera, herrian zabaldu zen lau anaiak hil zituztela, baina familiak jakin ahal izan zuenez, Gasteizko zezen plazan zituzten preso. Egun batean, nire birraitona bere lau anaiak bisitatzera joan zen pastelak hartuta Gasteizera, baina gozoki haiek ez zituzten jan jan behar zituztenek". Bertolek dio "pastelak erresistentzia sinbolo" bihurtu direla belaunaldiz belaunaldi beren familian.

Aitarekin izandako elkarrizketa saioetatik abiatutako lana oinarri, 19 minutuko iraupena duen Zorrak zor dokumentala ekoiztu du Bertolek. Gidoiaren sari profesionala eman diote Lekeitioko 40. Euskal Zine Bileran. Film laburra berak sortu badu ere, gidoia aitaren kontakizunari “zor” diola, eta, beraz, “sariaren zati handi bat aitarena” dela esan du. Arrietak gaineratu du halako saria eta aitorpena jasotzea “bultzada handia” direla lanean segitzeko.