Azaroaren 1etik 5era Tolosa abesbatzen hiriburu bihurtuko da; alde batetik, Europako Sari Nagusia hartuko du udalerriak eta bestetik, 49. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa jokatuko dute. Aukera hori baliatuz, aurten ere Tolosan lehiatuko diren zenbait abesbatzen emanaldiak herrian entzuteko parada izango da datorren astean, Nazioarteko Ahotsak jaialdiaren barruan.
Ondorengo lau talde ariko dira datorren astelehenetik aurrera, Zarautz Abesbatzak Tolosako Turismo departamentuaren eta Zarauzko Kultura sailaren laguntzarekin antolatuta: Indonesiako Batavia Madrigal Singers ahots nahasien taldea, urriaren 30ean; Indonesiako The Resonanz Children's Choir haur abesbatza, azaroaren 3an; Norvegiako Kvindelige Studenters sangforenig ahots nahasien korua, azaroaren 4an; eta Lituaniako Liepaites Girl Choir emakumezkoen abesbatza, azaroaren 6an.
Zarautz Abesbatzako zuzendari Jaione Eskuderok nabarmendu duenez, "maila gorenetako abesbatzak dira, ospe handikoak" eta "talde bakoitzak bere herrialdetako abestiak kantatuko ditu: sakroak, herrikoiak eta beraien folklorea". Nazioarteko Ahotsak Zarauzko programazioan txertatzea "ohore bat" dela dio Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek, "herritarroi aukera ematen digulako kalitate handiko abesbatzak entzuteko". Era berean, azpimarratu du Zarautz Abesbatzak jaialdia "mimo handiz" prestatzen duela.
Aurtengoa jaialdia egingo duten 29. urtea da, eta aurten ere, kontzertuen antolaketarekin batera, atzerriko abesbatza gonbidatuen entseguak koordinatu beharko dituzte Zarautz Abesbatzako kideek; izan ere, Zarautzen bertan hartzen dute ostatu eta egonaldian Villa Mundan eta Imanol Urbieta Udal Musika Eskolan entseatzen dute. "Lan handia da, baina oso gustura antolatzen dugu", adierazi du Zarautz Abesbatzako lehendakari Patxi Iraolak.
Emanaldi guztiak Frantziskotarren elizan izango dira, 20:30ean hasita, eta sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira atarian, 5 eurotan; Zarautz Abesbatzako bazkideek, berriz, 3 eurotan. Bide batez, herritarrak animatu dituzte emanaldietara. Hain zuzen ere, "guretzako inportantea da jendeak erantzutea, hurrengo urteetan horrelako kontzertuak antolatzen jarraitzeko", arrazoitu du Iraolak.