EH Bilduk herritarrekin landuko du Santa Klararen erabileraren proposamena

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 27a, 13:04
Santa Klarako komentua, goitik begiratuta.

Abendura bitartean bilduko dira eragileekin eta urtarriletik aurrera bilerak egingo dituzte auzoz auzo. Osatzen duten proposamena udalean erregistratuko dute koalizioko kideek, eskaera moduan.

Pasa den ekaina bukaeran utzi zuten Santa Klaran bizi ziren azken mojek komentua, Oñatiko Bidaurreta egoitzara lekualdatzeko. Ordutik, hutsik dago eraikina eta horren orubea. Hori dela eta, Santa Klarako komentuaren erabilerak nolakoa izan beharko lukeen aztertzeko, EH Bilduk parte hartze prozesua abiatuko du, herritarren zein eragileen iritziak jasotzeko eta proposamen zehatz bat osatzeko.

Mikel Goenaga koalizioko bozeramaleak adierazi duenez, "garrantzia handiko" gunea da: "Herriaren garapenerako estrategikotzat jotzen dugu eremu hori eta horregatik uste dugu herritarren esku jartzea lehentasunezkoa dela". Gogoratu du Zarauzko bihotzean dagoen "dimentsio handiko" espazioa dela, berde gune zabala duela inguruan eta zerbitzu publikoen aldetik herriko eskaintza "hobetuko" lukeela, besteak beste, Sanz Enea liburutegiari, Ebro Etxeari nahiz Villa Mundari "arnasa emango" liokeelako.

EH Bilduk ez du "proposamen itxirik" esku artean; hain zuen ere, herritarrekin zein eragileekin landu nahi du komentuak eta horren inguruak zein erabilera izan beharko lukeen eta hori nola kudeatu beharko litzaken. "Santa Klarako espazioak eskaini ditzaken aukera anitzekin proposamen zehatz bat osatu nahi dugu eta, ondoren, hori udalean eskaera moduan erregistratu", nabarmendu du Goenagak.

Dagoeneko bildu dira hainbat eragilerekin eta Gabonak bitartean beste hainbesterekin bilduko dira. Urtarriletik aurrera, berriz, auzoz auzo egingo dituzte bilera irekiak, herritarren iradokizunak jasotze aldera.

Informazioa, "proposamen egokiena" osatzeko

Bilera horietan informazio zabala eskainiko diete EH Bilduko kideek eragileei eta herritarrei, "zarauztarrontzat ahalik eta proposamen egokiena" osatzeko. Hain justu, azken asteotan hainbat eredu bisitatu dituzte, EH Bilduko ordezkari Ane Arrutiren esanetan, "Zarauzko errealitateari eta Santa Klarari egokitzeko adibide ezberdinak ezagutu eta kudeaketa aukera ezberdinak" ikusteko. Hala, besteak beste, Bilbon, Gernikan eta Azpeitian izan dira herri horietan eman diren prozesuak eta irtenbideak bertatik bertara ezagutzeko.

Era berean, Ainhize Larramendi arkitekturako ikaslearekin ere izan dira. Ikasketa amaierako proiektua Santa Klarako komentuaren inguruari ari da egiten, eta harekin bildu dira plano digitalizatuak eskuratu eta eraikinak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko. Larramendik landutako proposamena azalduko diete herritarrei eta eragileei, eta baita EH Bilduk 2012an kultur ekipamenduen inguruan aurrera eramandako parte hartze prozesuko ondorioak ere. Halaber, Ariola kultur ekimenak landutakoa ere baliatuko dute.

5.000 metro koadrotik gora

"Santa Klarako eraikinak, bere tamaina eta kokalekuagatik, aukera izugarriak eskaintzen ditu", adierazi du Arrutik. Azpiegitura aldetik, eliza, apaiz etxea, klaustroa eta ukuilu ditu; hiru solairu eta sotoa dituzte apaiz etxeak nahiz klaustroak. Era berean, zelai eta baratze zabalak ere baditu, "Zarauzko bihotzean espazio berde handi bat eskainiko luketenak".

"Zarauztar gehienok amestu dugu noizbait Santa Klara inguruko horma eraitsi eta guztiok inguru horretaz gozatzeko aukera izatearekin", nabarmendu du EH Bilduko ordezkariak: "Orain arte klausuratuta egon da, baina orain da horri eutsi eta herritarron amets eta beharrei erantzuteko garaia".

Klaratarrekin harremanetan

Eraikina eta orubea klaratarrenak dira, eta Goenagak eta Arrutik jakinarazi dutenez, Udal Gobernua harremanetan jarri da haiekin. "Udal Gobernuak borondatea erakutsi du Santa Klara bereganatzeko, eta adierazi digutenez, klaratarrek lehentasunezko erosletzat du udala". Baina hori gertatu bitartean, lehenbizi espazio hori nola erabili nahi den adostu behar dela diote, eta proposamena herritarren iritziekin osatu behar dela.