Ulacia Grupok 92-74 galdu du Zornotzaren aurka

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 30a, 14:18
Ulacia Gruporen eta Zornotzaren arteko partida (Elena del Hoyo).

La Flecha taldearen aurka lehiatuko da hurrengo jardunaldian; asteazkenean izango da, 18:30ean hasita, Aritzbatalden.

Ulacia Grupoko mutilek norgehiagoka zaila izan zuten larunbatean Zornotzan. Sekulako lana egin zuten arren, agerian geratu zen halako talde indartsu baten kontra irabaztea nekeza dela. Zarauzkoek oso ondo ekin zioten erasoan eta zentratuta, eta erreboteak kontrolatuz aurretik jarri ziren markagailuan. Baina bigarren laurdenean Zoronotza parez pare jarri zitzaien, eta atsedenaldira puntu bakar bateko aldearekin iritsi ziren bizkaitarrak.

Aldageletatik bueltan jokoan serio jarraitu zuten Iñaki Jimenezen mutilak, partida borrokatuz. Laurdenaren azken segundoetan etxekoak aurretik jarri ziren hiruko batei esker. Azken zatian, ordea, neurketak ihes egin zien zarauztarrei, eta galdutako baloi pare baten ondorioz, 15 bat puntutako aldea hartu zuten bizkaitarrek. Bukaeran, 92-74 galdu zuten.

Asteazken honetan beste partida borrokatu bat izango du Ulacia Grupok, 18:30ean, Aritzbatalden. Mailari eusteko borrokan izango den taldeetako bat izango dute bisitari, La Flecha talde gaztelarra. Hiru partida irabazita datoz, eta zarauztarrek badakite haiei bai edo bai irabazi behar dietela maila mantentzeko bidean.

Erlazionatuak

Irudietan: Zornotza-Ulacia Grupo

Zarauzko Hitza 2017 urr 30 Zarautz