Aurrekontuen inguruko azken bilerak gaur eta etzi

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 31a, 17:20
Zelai Ondo, Mitxelena eta Itxasmendiko bizilagunekin bildu ziren ostiralean, kiroldegian. (Zarauzko Udala)

2018ko aurrekontuen zirriborroa osatzeko, Udal Gobernuak parte hartze prozesua jarri du abian. Guztira, zazpi bilera antolatu dituzte, eta gaur eta etzi izango dira azkenengoak. 

Vista Alegreko bizilagunekin bilduko dira Udal Gobernuko kideak gaur, 19:00etan, auzo elkartean. Etzi, berriz, Alde Zaharreko bizilagunekin egingo dute bilera, Portuetxen, 19:00etan.

Ekarpenak egiteko beste bi bide ahalbidetu ditu Udal Gobernuak. Batetik, udaletxe aurrean, Herritarren Arreta Zerbitzuaren parean, Iñurritza auzoan, Aritzbatalde kiroldegia, udal euskaltegian, Vista Alegre auzoan eta Sanz Enea kultur etxean postontziak jarri dituzte, proposamenak idatziz jasotzeko. Bestetik, posta elektronikoz ere egin daitezke iradokizunak, aurrekontuak@zarautz.eus helbidera idatzita.