Aldundiaren aurrekontuetan saihesbidea egiteko zuzenketa aurkeztuko du EH Bilduk

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 3a, 18:24
Iban Asenjo eta Mikel Goenaga, Frantseskuako zubian (Aritz Mutiozabal).

Larritzat jo du 2018eko aurrekontuetan azpiegituraren aipamenik ez egitea, eta Gipuzkoako EH Bilduk milioi bat euroko partida bat txertatzeko eskatuko du datorren urterako; 6 milioi euro 2019rako; eta 5,5 milioi 2020rako.

"Herri honen aspaldiko eskaera bat" ekarri du berriro ere mahai gainera EH Bilduk. "N-634 errepidea herritik bertatik pasatzen da, trafiko eragin handiarekin, eta hori arazo bat da", nabarmendu du koalizioko bozeramaile Mikel Goenagak, gaur goizean Frantseskuako zubian eginiko agerraldian. Abendaño eta Errotaberri industrialdeetarako "sarbide berri eta zuzen bat" egitea beharrezkotzat jo du, 2015ean EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontuetarako proposatutako saihesbide proiektua gogora ekarriz; izan ere, bere garaian EAJk eta PSE-EEk ez zuten babestu, eta proiektu horretara bideratutako inbertsioak bertan behera geratu ziren. "Orain, 2018ko aurrekontuak lantzen ari garenean, herrietan eta aldundian, ikusi dugu proiektu hori berreskuratu beharra dagoela", azaldu du Goenagak.

Koalizioak dio EAJk gaiaren inguruan "inmobilismo jarrera" izan duela azke hiru urtetan, eta "are larriagoa iruditzen zaigu aldundiaren etorkizuneko inbertsio planetan azpiegitura horien aipamenik ere ez egitea". Ondorioz, eskaera hori Gipuzkoako Batzar Nagusietara bideratuko dute, datorren urteko aurrekontuetan txertatu ahal izateko.

Gipuzkoako EH Bilduko Iban Asenjo batzarkideak jakitera eman du zuzenketa bat sartuko dutela aldundiak asteartean aurkeztutako aurrekontuetan: "2018an milioi bat euroko partida bat eskatuko dugu saihesbide horretarako; 6 milioi euro 2019an; eta 5,5 milioi 2020an". Bere esanetan, “borondatea baldin badago, EAJ eta PSE-EE garaiz daude akatsa zuzentzeko"

Saihesbideak garraio astuna herrigunetik desbideratuko lukeela iritzi dio koalizioak, eta horrek Abendaño eta Errotaberri industrialdeei "balio erantsi itzela" emango liokeela, "sozioekonomia eta mugikortasun eraldaketak gauzatzeko baldintzak areagotuz". Era berean, A-8 autobideari mendebaldean –Vista Alegre auzoaren inguruan, alegia– sarrera-irteera berri bat egitea "ezinbestekoa" dela uste du, "erdigunera edo Getaria aldera doazen ibilgailuek aukera izango luketeelako gaur egungo autobidea saihesbide moduan erabiltzeko". Horrek guztiak, EH Bilduren arabera, erdiguneko trafikoa "arindu" eta "zarauztarren bizi kalitatea nabarmen hobetuko" luke .