Santo Tomas azokan talo postua jartzeko deialdia egin du AEK-k

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 6a, 11:39
Zarahitz herri ekimenak jarri zuen talo postua (Aritz Mutiozabal).

Abenduaren 16an ospatuko dute, eta aurten ere mintzodromoa, otarrearen zozketa eta txistorra lehiaketa izango dira.

Zarauzko AEK-k iragarri duenez, abenduaren 16an izango da AbEnduaK Santo Tomas azoka. Iaz abiatutako ildoari jarraituz, aurten ere talo postua jartzeko deialdia egin du; Zarahitz herri ekimenak hartu zuen postua jartzeko ardura joan den urtean. Interesa duen taldeak AEK-rekin jarri beharko du harremanetan azaroaren 16a baino lehen, 943-13 01 75 telefono zenbakira deituz edo zarautz@aek.eus helbidera idatziz.

Antolatzaileek adierazi duenez, talo postua jartzeko deialdian parte hartzeko ezinbestekoa dela euskaraz aritzen den eta euskararekiko atxikimendua duen elkartea izatea. Bestalde, Zarauzko AEK-k duen materiala uzteko prest dagoela jakitera eman du.

Bien bitartean, AbEnduaK Santo Tomas eguna antolatzen jarraitzen dute, eta aurreratu dutenez, aurten ere mintzodromoa egingo dute. "Beraz, euskaraz hitz egin nahi duen bidelagun zein euskaldunberri oro ongi etorria izango da geurera". Urtero bezala, otarrre baten zozketa egingo dute eta txistorra lehiaketa ere izango da. Ekitaldi gehiago ere izango direla eta horien berri aurrerago emango dutela azaldu dute, gainera.