Euskararen zubiak eraikitzeko saskia

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 7a, 12:03
Hainbat haur Ablitasen egin zuten auzolanean. (Errigora)

Errigoraren saskiak azaroaren 14a bitartean eska daitezke Interneten nahiz Urola Kostako hainbat herritan; Zarautzen zenbait tokitan egin daitezke eskaerak. Salmentetatik jasotako diruaren %25 Nafarroako hegoaldeko euskalgintzara bideratuko dute, urtero legez.

Azken urteetako legez, udazkenarekin iritsi da Errigoraren saskien kanpaina Euskal Herrira. Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka leloa du Errigoraren urte sasoi honetako egitasmoak; izan ere, Nafarroa hegoaldean ekoiztutako produktuak salduta hango euskalgintzari arnasa ematea da proiektuaren xedea.

Aurten ere produktuz betetako bi saski osatu ditu Errigorak: zuria eta beltza. Nafarroako hogeitik gora ekoizleren produktuekin osatu dituzte horiek, eta bakoitza 50 euroren trukean eskura daiteke. Saskiak azaroaren 14a bitartean eska daitezke Urola Kostako hainbat herritan, hala nola Aian, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zumaian eta Zestoan. Gainera, www.errigora.eus webgunean ere egin daitezke eskaerak. Saskien banaketa, berriz, azaroaren bukaeran eta abenduaren hasieran egingo dute tokian-tokian zehaztu dituzten egun eta lekuetan.

Bildutako diru guztiaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko du Errigorak aurten ere. Hain zuzen ere, jasotako dirua Zazpiak Batentzat, Sortzenentzat, AEKrentzat eta Ikastolen Elkartearentzat izango da.

Auzolana bide

Herrilana da aurtengo kanpainaren lelo nagusia, eta hitzetatik haratago, auzolanaren garrantzia inoiz baino ikusgarriago egin dute Errigoraren sustatzaileek. Hain zuzen ere, joan zen asteburuan herrilan ariketa «erraldoia» egin zuten dozenaka lagunek Ablitasen. Han elkartu ziren, besteak beste, Tuterako, Bianako eta Lodosako hainbat haur, ekoizleak, saskiak prestatzera gerturatutako boluntarioak, Nafarroako Erriberako euskaltzale hainbat eta Porrotx pailazoa.

Gainera, Errigora zer den erakusteko eta dagoeneko martxan den kanpainaren berri emateko karpa bat Euskal Herrian barrena dabil joan den asteaz geroztik.

Errigorak 2012an egin zuen aurrenekoz udazkeneko saskien kanpaina, eta ordutik hazten ari da proiektua. Horren erakusle da iaz Euskal Herrian 14.000 saski saldu izana. Urola Kostan, berriz, ehunka otarre saldu zituzten 2016ko udazkenean.

Salmenta kopuru horri esker, Errigorak 175.000 euro bideratu zituen Nafarroako euskalgintzara iaz. Euskararen zubigintzarako proiektua da, ezbairik gabe, Errigora.

Eskaera puntuak Zarautzen. Eguzki taberna, Lakari janari denda, Salbatore Mitxelena Ikastola, Orokieta Herri Eskola eta AEK euskaltegia. errigorazarautz@gmail.com posta elektroinikoan edo www.errigora.eus helbidean.