'DenokZu' sentsibilizazio kanpaina landu dute Salbatore Mitxelena Ikastolan

Zarauzko hitza 2017ko aza. 7a, 13:41
Miren Elgarresta aldundiko Berdintasun zuzendaria Salbatore Mitxelena Ikastolan.

Salbatore Mitxelena Ikastolan ikasleek DenokZu sentsibilizazio kanpaina landu dute gaur goizean Miren Elgarresta Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Organoko zuzendariarekin. Elgarrestak azpimarratu duenez, "hezkidetza estrategikoa da indarkeria matxistarekin amaitzeko eta berdintasunaren bidean".

Aurre! planaren barruan, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko DenokZu sentsibilizazio kanpaina jarri zuen martxan iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ordutik, Gipuzkoako udalekin, elkarteekin eta beste hainbat eragilerekin landu dute plana, eta orain tratu onak eta enpatia lantzen ari dira hainbat ikastetxetako ikasleekin. Gaur, asteartea, Zarautzen izan dira, Salbatore Mitxelena Ikastolan. Bertan, ordubete inguruko saio bat egin dute Miren Elgarresta Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Organoko zuzendariarekin. Elgarrestak nabarmendu duenez, "hezkidetza estrategikoa da indarkeria matxistarekin bukatzeko eta ezinbestekoa berdintasunaren bidean".

DenokZu sentsibilizazio kanpainaren helburua indarkeria matxistaren erantzunkizuna denena dela agerian jartzea da, eta Aurpegia eman. Nire alde. Gu guztion alde du leloa. 2017-2018ko ikasturtearen lehen hiru hilabeteetan eta azaroaren 25era bitartean Lehen Hezkuntzako azken hiru mailetako ikasleekin lantzen ari dira. Fase horretan, Gipuzkoako 45 ikastetxetan izango dira aldundikoak, eta gaur Zarautzen izan dira, Salbatore Mitxelena Ikastolan.