‘Errezeta artean’ egitasmoa egingo dute hilaren 14an eta 21ean

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 8a, 18:00
Lakariko sukaldaritza ikastaro bat (Lakari).

Bertan jaiotakoen eta kanpotik etorritakoen arteko elkar ezagutza eta loturak sortzea da Emausek eta Lakari kooperatibaren ekimenaren helburua.

Errezeta artean egitasmoa ekarriko dute Emaus Fundazioak eta Lakari kooperatibak Urola Kostako hiru herritara datozen bi asteetan. Azaroaren 13an eta 20an Zestoan, 14an eta 21ean Zarautzen, eta 16an eta 23an Orion egingo dituzte saioak. Sukaldaritza eta errezetak aitzakia hartuta, bertan jaiotakoen eta kanpotik etorritakoen arteko elkar ezagutza eta loturak sortzea da Besarkadak izeneko egitasmoaren barruan antolatu duten ekimenaren helburua; Emausen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmoa da Besarkadak, lurraldean kultur aniztasunaren balioa agerian jartzea oinarri duena.

Errezeta arteanen, errezetak partekatzea izango da aipatutako elkar ezagutza eta loturak sortzeko bidea. Urola Kostan egingo dituzten sei saioak 18:00etatik 20:00etara egingo dituzte. Zestoan, Lau Iturri elkartean (Uztapide plaza, 4) egingo dituzte saioak, Zarautzen Urpekoak elkartean (Urdaneta kalea, 1), eta momentuz ez dute zehaztu Orion izango duten elkargunea. Antolatzaileen asmoa da egitasmo honetan jasotako errezetekin liburu bat argitaratzea.

Zestoako, Zarauzko zein Orioko saioetan parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena, 943-36 75 34 telefonora deituta edo besarkadak@emaus.com helbidera idatzita. Izen ematea doakoa da, baina plazak mugatuak dira.