Atzeratu egingo da Ekhiñe Eizagirreren irteera

Zarauzko hitza 2017ko aza. 9a, 15:12

Hasiera batean azaroaren 11n Frantziak aske utziko zuela aurreikusi bazen ere, azaroaren 13tik 23ra bitartean askatzea espero dute.

Haren gertukoek jakinarazitakoaren arabera, Ekhiñe Eizagirre azaroaren 13tik 23ra bitartean askatzea espero dute. Azaroaren 11 Frantzian jai eguna izanagatik atzeratu da zarauztarraren irteera data.

Estradizioan hartuta dago Eizagirre Fresnesen, eta ez dago argi herrira noiz itzuliko den; Espainiak hartzen duen jarreraren araberakoa izango da. Euroagindua baztertzeko eskaera egin du abokatuak, baina momentuz berririk ez dutela jakinarazi dute gertukoek.

2013ko maiatzaren 7an atxilotu zituzten Frantzian hura eta beste bost lagun: Raul Aduna gasteiztarra, Andoni Goikoetxea tolosarra, Barrundiako Igor Uriarte eta Arrasateko Julen Mendizabal eta Kepa Artauz. Lau urte eta lau hilabete kartzelan igaro ondoren, pasa den irailaren 6an hasi zuten sei kideen kontrako epaiketa.

Hurrengo egunean eman zuten behin betiko emaitza: sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten zarauztarrari, Uriarteri, Artauzi eta Goikoetxeari. Aduna eta Mendizabali, berriz, zazpi urtekoa.