Master Txef Txiki lehiaketa egingo dute larunbatean Merkatutik Zuretzat!-en

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 10a, 10:00
Orokietako ikasleak tailerretan (Zarauzko Udala).

Merkatu plazako lehen solairuan izango da, 12:00etatik 13:00etara.

Azaroko Merkatutik Zuretzat! kanpaina gaztetxoentzat zuzendu dute. Hala, lehen sektorea indartzeko Merkatu plazak herriarentzat duen garrantzia ezagutzen ari dira Salbatore Mitxelena Ikastola, Antoniano, Orokieta eta La Salle ikastetxeetako LH3 eta LH4ko ikasleak, aste osoan bertan egiten aritu diren tailerretan. Egitasmoa Master Txef Txiki lehiaketarekin biribilduko dute bihar (larunbata), 12:00etatik 13:00etara, Merkatuko lehen solairuan.

Familiaren laguntzarekin, Merkatu plazan erositako bertako eta garaian garaiko produktuekin prestatutako jakiak aurkeztu beharko dituzte haurrek. Parte hartzaile guztiek jasoko dute saria, eta epaimahaiak aukeratutako lehen hirurei diploma bana emango zaie.

Garapen Ekonomikoko zinegotzi Jesus Aranak gogorarazi du ekimeneko protagonista nagusiak Merkatuko baserritarrak eta saltzaileak direla, eta haurrak direla «horien eta gure etorkizuna». Bere esanetan, «asko ari gara ikasten Merkatutik Zuretzat!-ekin, eta gaztetxoenek ere hala egitea nahi dugu».