Indarkeria eta giza eskubideen urraketa jasandako biktimak gogora ekarri dituzte

Zarauzko hitza 2017ko aza. 10a, 12:28

Memoriaren egunaren harira, elkarretaratzea egin dute eguerdian Lege Zaharren enparantzan.

Zarauzko Udalak indarkeria eta giza eskubideen urraketa jasan duten biktima guztiak gogora ekarri ditu, eta alderdi politiko guztietako -EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Irabazi Zarautzeko- ordezkariek hartu dute parte. Memoriaren Eguna. Azaroak 10 leloa zeraman pankarta zintzilikatu dute udaletxeko balkoian.

 

Adierazpen instituzionala

Elkarretaratzea baino lehenago adierazpen instituzionala egin du Zarauzko Udalak, alderdi guztien babespean. Herritarrak iragana eta gizarte osoak jasandako ondorio "lazgarriak" ez ahazteko gonbita luzatu dute adierazpenaren bitartez, eta biktimei elkartasuna, hurbiltasuna, egia, aitortza eta erreparazioa zor dietela adierazi dute. Bestalde, Memoriaren Egunak elkarrizketa plurala eta iraganaren inguruko gogoeta kritikoa sustatu nahi duela nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak, oinarri demokratikoak eta giza eskubideen urraketa oinarri harturik.

 

Horregatik guztiagatik, indarkeria eta terrorismo-agerbideak sekula ez direla ez gertatu ez justifikatu behar esan dute, eta giza eskubideak urratu ditzakeen edozein mehatxuri aurre egingo diotela argi utzi dute. Orainaldi eta etorkizunerako "bide baketsu eta demokratikoetan sakontzeko" borondatea erakutsi eta elkarbizitza libre eta baketsua eraikitzeko konpromezuan berretsi dira.