Mr. Euskaldun 'Beitu!' nerabeentzako hedabide digital berriko kolaboratzaileetako bat da

Zarauzko hitza 2017ko aza. 10a, 15:00
Beitu! hedabide digitalaren aurkezpena, Mr. Euskaldun ezkerrekoa da.

Gaztezulok 14-18 urte arteko gazteentzako Beitu! hedabide digitala sortu du. Kolaboratzaileen artean da David Agirrezabalaga Mr. Euskaldun ilustratzaile zarauztarra.

14-18 urte arteko gazteengana iristeko erronkari heldu dio Gaztezulok, horretarako Beitu! euskarazko hedabide digitala sortu du. Teknologia berrietara egokitutako komunikabidea da: izena ematen duten gazteek, hilero jasoko dute hedabidea sakelako telefonoan, Whatsapp bidez. Aisialdiarekin lotutako edukiak, elkarrizketa laburrak, bideoak, umorea eta lehiaketak jasoko dituzte erabiltzaileek.

Kolaboratzaile sare bat ere osatu dute; tartean da David Agirrezabalaga Mr. Euskaldun ilustratzaile zarauztarra. Mr. Euskaldun pertsonaiaren animaziozko piezak egingo ditu Beitu!rako. Hala azaldu dio ilustratzaileak Berria.eus-i: "Orain arte ilustrazioetan zentratu naiz, baina animazio laburrak egitea proposatu zidaten. 30 segundo inguruko piezak egingo ditut. Ilusioz hartu dut erronka".

Hedabide berria ezagutzera emateko Beitu! festa antolatu dute azaroaren 24rako, Iruñeko Gaztediaren Etxean, 17:30ean.