EH Bilduk agintean zegoenean saihesbidea atzera bota zuela salatu du EAJk

Zarauzko hitza 2017ko aza. 10a, 18:09

Zarauzko EAJren arabera, EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian eta udalean agintean zegoenean atzera bota zuen saihesbidea orain eskatzea “zuzentasun politiko ezaren erakusle” da.

Helburu hori lortzeko lanean aritu zirenentzat orain EH Bilduk saihesbidea eskatzea “iraingarria” dela salatu du Zarauzko EAJk. “Aurreko legealdian proiektu hau geldiarazteko euren erantzukizuna onartu gabe, zarauztarron memoriari barre egin diote”, azpimarratu dute. 2011ko apirilean Gipuzkoako Foru Aldundiak saihesbide berriaren obren lizitazioa onartu zutela gogoratu nahi izan du EAJk. Zarautzentzat 28 milioi euroko inbertsioa izan zela azaldu dute, eta beharrezko ikerketak, desjabetzeak eta administrazio prozesu guztia lan “luze eta neketsua” izan zela uste dute.


2011ko apirilean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ere. 2011ko maiatzean, ordea, EH Bildu Foru Aldundira eta udalera iritsi zenean guztia geldiarazi zutela salatu du EAJk. Zarauztarrek urte luzeetan lortzea kostatu zitzaien inbertsioa galdu zutela irizten dute. 2011ko irailean egindako ez-ohiko udalbatzarrean EAJ eta PSE-EE EH Bildu konbentzitzen saiatu zirela azaldu dute, baina alferrikakoa izan zela uste dute: “Ez zuen ezertarako balio izan. Ez zuten entzun nahi izan eta beraien erabakia inposatu zuten, beste behin”. Larraitz Ugarte EH Bilduko diputatuak jakinarazi zion EAJri obraren lizitazioari uko egin ziotela, eta epe motzean ez zirela hasiko. Apirilean Markel Olanok Zarautzera egindako bisitan obrak martxan jartzeko konpromisoa adierazi zuela gogoratu nahi izan dute.


Santa Klara komentua, mojena


EH Bilduk Santa Klarako komentuari zein erabilera eman erabakitzeko prozesu bat zabaldu duela gogoratu du EAJk. Komentuak Klaratarren Kongregazioarena izaten jarraitzen duela nabarmendu dute, eta, hortaz, ez dagoela udalaren eskuetan. Klaratarren Kongregazioarekiko “errespetu falta” direla irizten du EAJk: “Etorkizunean udala eraikina lortzeko akordio batera iristen bada, momentu horretako udal gobernua izango da eraikinarekin zer egin erabakitzeko prozesuaren buru”.


EH Bildu agintean ez dagoenetik “betidanik” Zarauzko Udalak Santa Klarako mojekin izan duen “harreman ona” berreskuratu duela Xabier Txurruka alkateak azpimarratu du EAJk. Era horretan, “hauteskundeetan galdutako protagonismoaren bila” jarraitzen dutela irizten dute Zarauzko jeltzaleek. “Ez da serioa Zarautzentzat estrategikoak diren proiektuen aurrean EH Bilduren jokatzeko modua, maila handiagoa eskatzen duten gaien aurrean zuzentasun politiko eza, seriotasun gutxi eta errespetu falta erakusten du”, gaineratu dute.