Master Txef Txiki lehiaketa, Merkatutik Zuretzat!-en eskutik

Zarauzko hitza 2017ko aza. 11a, 14:28

Eguerdiko 12:00etan haur andana gerturatu da Merkatu plazako lehen solairura, Master Txef Txiki lehiaketara.

Merkatu plazan erositako bertako eta garaian garaiko produktuekin prestatutako jakiak aurkeztu dituzte haurrek. Gurmendi baserriko Mikel Eizagirrek, Ana de Benito zinegotziak eta Jesus Arana Merkatu plazako zinegotzi arduradunak osatu dute epaimahaia. Lehiaketari hasiera eman aurretik, bertako produktuak kontsumitzearen garrantziaz mintzatu da Eizagirre; baita garaiko produktuak jateaz ere.

Epaimahaiak lehiaketan parte hartu duten haurrak zoriondu dituzte, eta sukaldatzen jarraitzeko gonbita luzatu diete. Unax Royok, Noa Cebronek eta Nahia Lopezek jaso dituzte Zarauzko 2017 Master Txer Txiki diplomak, baina parte hartu duten 22 haurrak saritu dituzte. Prestatutako jakiak Merkatu plazako baserritarrei eskaintzeko gonbita luzatu die Aranak haurrei, haien lanaren aitorpen gisa.

Merkatutik Zuretzat!-en azaroko kanpainaren barruan antolatu dute lehiaketa. Lehen sektorea indartzeko Merkatu plazak herriarentzat duen garrantzia ezagutzen ari dira Salbatore Mitxelena Ikastola, Antoniano, Orokieta eta La Salle ikastetxeetako LH3 eta LH4ko ikasleak, aste osoan bertan egiten aritu diren tailerretan. Master Txef Txiki lehiaketarekin biribildu dute egitasmoa.

Erlazionatuak

Irudietan: Master Txef Txiki

Zarauzko hitza 2017 aza 11 Zarautz