Abenduaren 3an jokatuko dute 39. Bikote Mistoen Lasterketa. Urola Kostako Kros Mistoen II. Txapelketaren barruan jokatuko dute, Azpeitikoa, Errezilgoa eta Ezkiokoarekin batera. Zarauzko probarako izen ematea dagoeneko zabaldu dute. Parte hartu nahi dutenek bi bide dituzte izena emateko: batetik, Helmuga kirolak dendan, eta bestetik, herrikrosa.eus webgunearen bitartez. Saltokian azaroaren 28ra arte eman ahalko da izena, eta webgunean, berriz, probaren bezperara arte, abenduaren 2ra arte. Bikoteko 25 euro ordaindu beharko dira. Egunean bertan ere eman ahalko da izena; kasu horretan, bikoteek 30 euro ordaindu beharko dituzte.
ZKEko Atletismo sailak 1.000 parte hartzaileetan jarri du muga. Guztira, 7,5 kilometro egingo dituzte bikoteek, udal kiroldegitik hasi eta Musika plazan amaituz. Parte hartzaileek gehienez ere ordubete izango dute helmugaratzeko.
Bi egunetan banatuko dituzte dortsalak: abenduaren 2an, 18:30etik 20:30era, eta egunean bertan, 08:30etik 10:00etara. Bi egunetan, Aritzbatalde pilotalekuan.