Aldundiak udalaren esku utzi du Etxe Txikia, Neguetxea zabal dezan

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 14a, 13:25
Monte Albertia aterpetxearen ondoan dago Etxe Txikia.

Bihartik hasi eta 2018ko martxoaren 22ra bitartera iraungo du lagapenak; zerbitzua martxan noiztik aurrera izango den, ordea, zehazteko dago oraindik..

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta gazteria sailak proposatuta, diputatuen kontseiluak Etxe Txikia Zarauzko Udalari uztea erabaki du beste urte batez, bertan Neguetxea atondu dezan. Bihartik 2018ko martxoaren 22ra bitartera iraungo du lagapenak, etxegabeek aterpea izan dezaten hilabete hotzenetan; zerbitzua martxan noiztik aurrera izango den, ordea, zehazteko dago oraindik.

Aldunditik gogoratu dute 10-15 ohe dituela Monte Albertia ondoko aterpeak, sukaldeaz, jangelaz eta komunez gain. Goizane Alvarez Gazteria saileko zuzendariak zerbitzu horren "garrantzia" nabarmendu du, "etxerik ez duten pertsonei hotzetik babesteko aukera ematen dielako aterpetxeak". Ekimena 2011tik dago abian, eta aurtengoa zazpigarren negua izango da.