Kalean da Deloreanen 'Mikel Laboa' diskoa

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 15a, 09:00
Zarauzko Delorean laukotea (Alba Yruela).

Musikari eta abeslari donostiarraren abestietan oinarritutako zazpi moldaketa jaso ditu Zarauzko laukoteak bere lan berrian.

Mikel Laboa zenari Adarra Saria eman zioten Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 2014an, eta Deloreanek musikari donostiarraren hainbat kanturen moldaketa jo zituen zuzenean. Ideia horretatik abiatuta, iaz haren omenaldi kontzertu bat prestatu zuten Bilboko Arriaga antzokirako, eta ondoren Pasaiako Albaola Itsas Faktorian ere jo zuten. Orain, proiektua disko bihurtu du Zarauzko laukoteak, eta gaur emango du argitara, Elkar argitaletxearen eskutik.

"Erritmo sendoaren gainean oinarriturik, lan ikaragarria eraikitzen da, disparatutako doinuen ala softwareen eta benetako instrumentazioaren artean orekatua eta oxigenatua. Dena dela, lanak duen erakargarritasun handiena, bere emozioan datza, sentikorra bezain sinbolokoa baita", dio argitaletxetik helarazi duten oharrak.

Zazpi abestiz osatutako lana da, eta Laboaren irudian nahiz sorkuntzan oinarrituta dago. Musikariaren jatorrizko grabaketetako pistak erabilita, Deloreanek abestiak bere egin eta unibertso berri bat sortu du. Horren erakusle dira aurretik erakutsi dituzten Kantuz eta Bentara noa. Gainerako abestiak honako hauek dira: Dialektikaren laudorioa (Lekeitio 3), Komunikazioa-Inkomunikazioa (Azken pasartea, "Ez"), Denbora galduaren bila, Orreagarako Introa eta Orreaga (Lekeitio 6).

Hurrengo aurkezpen kontzertuak:

  • 2017-11-24. Santander / BNS Santander
  • 2017-11-25. Burgos / Sala Hangar
  • 2017-12-15. Hernani / Biteri Kultur Etxea
  • 2017-12-16. Azpeitia / Sanagustin Kulturgunea