Ulacia Gruporen hirugarren garaipena etxean

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 14a, 17:58
Ulacia Grupo eta Gimnástica Sport-Café (ZAST).

76-59 irabazi zion Torrelavegako Gimnástica Sport-Café taldeari igande arratsaldean, Aritzbataldeko kantxan.

Garaipen garrantzitsua eskuratu zuen igande arratsaldean Ulacia Grupok Torrelavegako Gimnástica Sport-Café taldearen aurka. 76-59ko emaitzarekin irabazi zuten, ia partida osoan aurretik joan eta gero. Joko alaia erakutsi zuten eta saskiratze dotoreak lortu zituzten Iñaki Jimenezen mutilek, eta 34-27koarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Hirugarren laurden ona jokatu zuten zarauztarrek. Defentsa onak eta kontraeraso azkarrak tartekatuz, 25-13ko partziala lortu zuten eta 19 puntuko abantailarekin iritsi ziren azken zatira. Torrelavegakoak azken txanpan gorantz egin bazuten ere, Ulaciak gogor eutsi zion eta bukaeran 17 puntuko abantailarekin gailendu zen. Bestalde, aipagarria da hiruko marratik ohi baino gehiago asmatu zutela ZASTeko jokalraiek, 11 saskiratze guztira.

Gisa horretan, hirugarren garaipena lortu dute jarraian etxean. Igande honetan Kantabriara egingo dute bidaia, Pielagosen aurka lehiatzeko. Etxetik kanpo lehen garaipena eskuratzen saiatuko dira.