"Ni hemen baldin banago ere, oraindik kide asko daude preso eta horiek guztiak kalera ateratzeko lan handia dago egiteke". Gauerdia pasata heldu da Ekhine Eizagirre herrira, eta euskal presoak izan ditu gogoan, tartean, Ekaitz Sirvent herrikidea. Lehenbiziko harrera Zelai Ondoko biribilgune inguruan egin diote hainbat herritarrek, eta handik gaztetxerako bidea hartu du bertaratu direnekin batera, bere argazkia kentzera, Sirventenari muxu bat eman ondoren. Eizagirrek eskerrak eman dizkie bertaratu direnei egindako "harrera beroarengatik". Aitortu du "azken urteak luzeak" izan direla eta "plazera" dela haiekin topatzea, "etxera itzultzea, Euskal Herrira bueltatzea, gaztetxera itzultzea..."
Taldeko argazkia atera ostean heldu da Musika plazara. Bertan zituen zain hainbat eta hainbat lagun eta gertuko. Arrosaleda parketik plazara doan bidea besarkada eta muxu artean egin ondoren, aurreskua dantzatu diote Arrano tabernaren atarian. "Urte askoan" ikusi ez duen kide batek eskaini dio lore sorta: Joxe Mari Perez Txuri-k. Bertsoak abestu dizkiote gero eta Ekaitz Sirventen senitartekoak besarkatu eta topa egin ondoren, egunotan "bereziki hura eta preso dauden guztiak gogoan" izan duela adierazi du.
Zentzu horretan, eskerrak eman dizkie azken urteetan "astebururo-astebururo" bisita egin dioten guztiei, ezin izan dutenei zein gutunak idatzi dizkiotenei, besteak beste. "Herritarren elkartasun eta babes hori sentitu dut". Aurrerantzerako "esperantza zabaldu" nahi duela nabarmendu du: "Sinistu behar dugu posible dela espetxeak hustutzea, eta horretarako lanean eta borrokan jarraitu behar dugu". Horrekin lotuta, Arranotik bere argazkia kendu du amaieran.