«Helmugara heldu gabe ere, bidean gozatzea garrantzitsua da»

Maria Maya Manterola 2017ko aza. 16a, 09:00
Gorka Lertxundi eskalatzailea.

Mendi Astea ospatzen ari dira Getarian astelehenetik, eta hitzaldi, mahai inguru eta irteerak antolatu dituzte aste osorako. Gorka Lertxundi zarauztarrak Eskalada Basatiak Turkian mahai ingurua eskainiko dute gaur, 19:00etan, Alondegian, Alberto Fernandezekin batera. 2016an Turkiara egin zuten eskalada bidaian bizitako esperientziak kontatuko dituzte bertan.

Turkian izan zinen eskalatzen iaz, Alberto Fernandezekin batera. Zertara joan zineten bertara?
Eskalada bidaia bat izan zen. Bi mendilerrotan eskalatu genuen: Aladaglarren eta Dedegolen. Aladaglarren Oviglia-Larcher eskalatzaile italiarren bideak egin genituen. Asko miresten ditugun eskalatzaileak dira Oviglia eta Larcher, eta plazera izan zen bide horiek egitea. Dedegolen, aldiz, bi bide eskalatu eta beste bat ireki genuen. Zu izena jarri genion ireki genuen 500 metroko bideari. Asko gozatu genuen.

Zer dela eta erabaki zenuten Turkiara joatea?

Erreferentzia batzuk genituen, lehen aipatutako bi eskalatzaile italiarrenak. Interneten kuxkuxeatzen ibili ginen Turkiako mendilerroen inguruan. Goierriko ezagun bat ere bertan izan zen, bidaia oso azkar batean. Hark eman zigun bere bidaiaren eta mendilerro haien berri. Dedegoleko hormaren argazki batzuk ere ikusi genituen, baina informazio gutxi topatu genuen. Saltseatzen ibili ginean, ea non egon zitekeen jakiteko, eta Baltikora joan zen batekin hitz egin genuen. Basatia zen bidaia, eta erakargarria iruditu zitzaigun Albertori eta bioi. Herrialdea bera ere erakargarria iruditzen zitzaigun, ezberdina baita Turkia.

Bi aste baino gehiago pasatu zenituzten bertan. Esperientzia gogorra izan al zen?
Egia esan, bidaia oso ondo atera zela esan dezakegu. Gure zorionerako, eguraldi ederra egin zuen eskalatzen izan ginen egun denetan. Guztiak uste baino hobeto irten zigun, eta ez genuen momentu bereziki txarrik pasatu. Bide batzuk nahiko gogorrak ziren, eta batetik amaitu gabe ere joan behar izan genuen... Baina oro har, ondo irten zen dena, eta oroitzapen onak gordetzen ditut.

Zein izan zen Turkiara egin zenuten bidaiako momenturik onena?
Dedegolen ireki genuen Zu bidea, eta pertsonalki, momentu horrekin geratuko nintzateke, bidaia osotik zerbaitekin geratu beharko banu. Bide hori hiru egunetan irekitzea espero genuen, baina, azkenean, bi egunen buruan amaitu genuen lana. Polita izan zen tontorrera iritsi ginen momentua, eta gustura gaude egindakoarekin.

Ordutik bidaia gehiago egin dituzu?
Turkiakoa berezia izan zela uste dut, parajea ezberdina da eta baita herrialdea ere. Ordutik ez dut hain bidaia basatirik egin, baina leku askotan izan naiz eskalatzen: Italian eta Marokon, esaterako.

Turkiako bidaiaren antzeko beste erronkarik baduzu buruan?
Lagunekin beti irteten dira planak. Bidaiak egingo ditugu, ziur. Bidaia asko izaten ditut buruan, baina oraindik ez dakit zeini helduko diodan.

Turkian bizitakoa kontatuko duzue hitzaldian. Bertaratzen direnei zer transmititzea gustatuko litzaizuke?
Esperientzia kontatzera noa. Bidaiako material asko daukagu gordeta; argazkiak, bideoak... Gure filosofia ere transmititu nahi dut: eskalatzen dugun bitartean, lagunekin ondo pasatzea. Lehen esan bezala, bide bat amaitu gabe jaitsi behar izan ginen Aladaglar menditik; askotan ezin izaten da helmugara heldu, baina bidean gozatzea garrantzitsua da. Bertaratzen direnak horrekin geratzea gustatuko litzaidake.