Berriro itzuliko balitz proiektuagatik jaso duzu Augustin Zubikarai Beka. Sari oro dira ongi etorriak, baina oraingo hau ze aldarterekin jaso duzu?
Egundoko poza eman dit, hau esatea topikazo bat den arren, ez nuelako asko espero. Maila handia egoten da Augustin Zubikarai Bekan, eta idazle ugarik aurkezten ditu bere lanak.
Zein izango da istorioaren muina? Alegia, zer izango da berriro itzultzearen desira hori?
Denboran atzera itzuli nahia da istorioaren muinean dagoena. «Berriro itzuliko balitz, iragan denbora arrotza» idatzi zuen Xabier Letek, eta nire liburuaren pertsonaia nagusiek ere horixe nahiko lukete, iraganean egin zituzten okerrak zuzendu edo egin ez zituztenak orain egiten saiatu. Bi hari narratibo nagusi daude: alabarekin harremana galdu eta haren bila dabilen ama baten istorioa, eta alargundu berritan alabatxoa zaindu behar duen euskal musikari batena. Bi kontaketa itxura batean oso ezberdin hauek bat egingo dute liburuaren erdi aldetik aurrera.
Nobela beltzera jo duzu proiektu honetan. Martin anaiarekin batera landu zenuen azken lanean –Gizon gogorren sekretua– baino gehiago?
Beno, hura ere hardcore samarra zen tarteka, baina bai... Honako hau beltzagoa izango da, ilunagoa, eta hala esan baliteke, baita apur bat beldurgarriagoa ere.
Istorioa Euskal Herritik kanpo eraman duzu: Danimarkara. Kontakizuna unibertsalago bihurtze aldera edo?
Kanpotar izateari buruz hitz egin nahi dut liburu honetan. Nobela beltzaren mekanismo guztien azpian, edo haiek aitzaki hartuta, atzerritar izateak dakartzan aurreiritzi, traba eta abarrez aritzea da nire asmoa. Bi aukera nituen horretarako: Euskal Herrian bizi zen atzerritar bat jarri protagonista gisa edo euskaldun bat atzerrian kokatu. Azken hau hautatu dut azkenean, irakurlea kanpotarraren larruan errazago sartzeko.
Nobela beltza eta Europako iparraldea. Duela urte batzuk oihartzuna izan zuten polizia nobela nordikoen –Stieg Larsson, Camilla Lackberg, Jo Nesbo eta Asa Larsson bezalako autoreen– bidetik, akaso?
Modak moda, Europako bazter guztietan dago eleberri beltzaren tradizioa, gehiago ala gutxiago: Italian Camillerirekin, esate baterako; Frantzian, Fred Vargasekin; Ingalaterran zer esanik ez... Danimarka aukeratzearen arrazoia izan zen egunkari batean irakurri nuen artikulu bat. Kanpotik eskandinabiar paradisuari buruz izan dezakegun iritziaz aparte, hango gizartean garatzen ari den xenofobia eta arrazakeria aztertzen zituen. Danimarka gaur egun Europan dagoen herrialde arrazistena zela zioen, eta harrituta geratu nintzen. Horregatik aukeratu nuen herrialde hori libururako, ez beste ezergatik.
Etxeberriatarren umore zirikatzailea izango al du lan honek ala guztiz ezberdina izango da?
Hasiera batean nire aurreko lan guztiak baino askoz ilunagoa eta beltzagoa izango dela uste dut. Lehen aipatutako Gizon gogorraren sekretua, adibidez, beltza zen baina baita oso ganberroa ere, karnabaleskoa. Hau gordinagoa izango da. Baina baliteke, nahi gabe ere, ironia apur bat isurtzea, herrenak beti hanka berbera arrastaka...
Orain urtebeteko epea izango duzu ideia nobela bihurtzeko. Zein momentutan zaude une honetan?
Zerbait aurreratua dut, baina osatu egin behar da orain. Badut denbora, eta patxadaz eta ondo egiten saiatuko naiz.
Hain justu ere, Irlandan zaude une honetan bizitzen. Egonaldia lagungarri izango al zaizu?
Bai, sekula baino gehiago ari naiz idazten hemen, Irlandan. Badut horretarako aukera. Bestetik, ni neroni oraintxe bertan ere atzerritarra naizenez, pertsonaia protagonistaren azaletik idazteko errazagoa gertatzen da. Ez dut arrazakeria arazorik izan, hori ez, irlandarra ikaragarri jende sinpatikoa da.
Egun denak ez dira berdin zure lehen eleberria ere Igartza Sariari esker landu zenuen. 15 urte pasatxo geroago, eta beka berri bat esku artean, idazle gisa zer da berdin eta zer ezberdin?
Alde batetik, ia dena berdina dela esango nuke: idazteko grina mantentzen dut, lepo gaineko kalabaza honetan sortzen zaizkidan ideia aldrebesak nolabait paperera eramatekoa, nire idazteko estiloaren elementu nagusiak ere berdintsuak direla jokatuko nuke. Bestetik, baina, gauza asko gertatu dira nire bizitzan hamabost urtean. Jakina, onerako batzuk, okerrerako beste zenbait, eta horrek eragina izan du nigan. Idaztearen ofizioari buruz ere gauza asko ikasi ditut. Hala ere, afizio hutsetik ari denaren ilusioarekin idazten saiatzen naiz beti, nahiz eta beste hark zioen moduan, egun denak ez diren berdin.