Goazen Antzerkira kanpaina egingo dute datorren astean ikastetxeetan

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 18a, 10:00

Tunba, orro egiten besterik ez zekien lehoia ikuskizun berria eskainiko die Didau taldeak HH, LH1 eta LH2ko ikasleei.

Urtero bezala, Euskararen Astearen barruan, Goazen Antzerkira kanpaina egingo dute Didau taldeak eta Kultur Faktoria antzerki elkarteak herriko ikastetxeetan, Zarauzko Udalaren babesarekin. Aurten aurkeztuko duten ikuskizuna Tunba, orro egiten besterik ez zekien lehoia izango da, Didau taldearen lanik berriena. Jolasaren bidez bizitzen ikasiko duten animalia kuadrilla bat da antzezlaneko protagonista. Denak ezberdinak dira, baina elkarrekin ongi moldatu daitezkela kontauko du istorioak.

Orain arte Modelon eskaintzen zituzten emanaldiak, baina aretoa berritze lanetan hastekoa denez, ikastetxeetan bertan eskainiko dituzte aurten; HH, LH1 eta LH2 mailetakoentzat eta baita haur eskolakoentzat ere. Kanpaina datorren aste osoan egingo dute, azaroaren 20tik 24ra, goizez.