"Terrorismoaren deslegitimazioa funtsezkoa da elkarbizitzarako. Terrorismoaren biktimei zor zaien egia, erreparazioa eta justiziaren zati handi bat da", nabarmendu du Zarauzko PSE-EEk. Gogoratu du azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, "euskal gizarteak indarkeriaren ondorioz jasandako sufrimentua" izan zutela gogoan, "bereziki, biktimena". "Zarautzen, zehazki, 13 lagun hil zein zauritu zituen ETAk, eta beste hainbeste mehatxatu zein hertsatu zituen".
Asteartean, ordea, "ETAko preso bati" [Ekhine Eizagirreri erreferentzia eginez] ongietorria egiteko herrian kartelak jarri zituztela salatu du, "heroi" bat balitz bezala. "Kartelak jarri zituzten autobideko zein suhiltzaileen inguruko biribilguneetan, trenaren azpiko pasabidean, Lege Zaharren enparantzan eta Arrano tabernan. Eta okerragoa dena: Antonianon eta Lizardin ere bai, adoktrinatze ariketa gisa".
Goizaldera, berriz, hainbat herritarrek harrera egin ziotela gogoratu du, lehenbizi gaztetxean eta gero Arrano inguruan, "EH Bilduren egoitza nagusian", "etxafuego eta guzti". Era berean, koalizioko zinegotzi bat Eizagirre kartzelatik atera zen unean bertan zela gogoratu du, harekin argazki batean ageri dela nabarmenduz.
"Harrera hori, hain zuzen ere, Eizagirre bera, oraindik ere preso dagoen Ekaitz Sirvent eta ETAko gainerako presoak omentzeko izan zen", salatu du talde sozialistak. "Eizagirre 2103an atxilotu zuten ETAko kidea izatea egotzita, 6 urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta orain atera da, 4 urteko zigorra bete ondoren".
"Jarduera terrorista goratzeak eta justifikatzeak berriz irekitzen ditu biktimen zauriak". PSE-EEren ustez, "onartezina da hiltzaileak heroiak bailiran omentzea". Hori dela eta, zarauztarrek "bidegabekeria" hori ezin dutela onartu diote, ezta udal talde hori ere. "EH Bilduk azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, biktimen omenezko elkarretaratzean hartu zuen parte, udaleko gainontzeko alderdi politikoetako ordezkariekin batera. Kontzentrazioan izan ziren, baina, aldi berean, beren egoitzan Eizagirre omentzeko pankarta jarri zuten. Uste dugu kontraesan larri honekin elkarbizitza berreskuratzeko lanari balioa kendu diotela".
Hori guztia kontuan izanda, Zarauzko PSE-EEk Bizikidetza Batzordea berehala biltzeko eskatu du. "Biktimen erreparazioak erantzun argia eta irmoa eskatzen du elkarbitziza baketsua eta demokratikoa urratzen duten gertakari hauen aurrean".