Parrilla bultzatzeko jaialdia

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 20a, 14:49
Ezkerretik hasita, Ameztigain jatetxeko parrillero Jon Txokolo, Turismo zinegotzi Ixidor LarraƱaga eta Arazi elkarteko ordezkari Xabier Fernandez. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Zarauzko Parrillen Jaia antolatu dute iganderako, Lege Zaharren enparantzan. Besteak beste, herriko parrilladun jatetxeen aurkezpena eta parrillan egindako txuleta pintxoen dastaketa izango da.

«Askotan nahiko ezkutuan baldin badaude ere, Zarautzen baditugu ikatzezko parrilla tradizionalak». Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak jakinarazi duenez, 10 dira Zarautzen hainbat jaki parrillan prestatzen dituzten erretegiak: Aiten Etxe, Ameztigain, Argoin-Txiki, Arizia, Berazadi Berri, Gure Txokoa, Itxas-Berri, Otzarreta, Telesforo eta Zubi-Ondo, hain zuzen ere. Horiek ezagutzera eman eta bultzatzeko, Zarauzko Parrillen Jaia antolatu dute jatetxeok zein udalak  iganderako, Lege Zaharren enparantzan.

Ekitaldi nagusia 13:00etan hasiko da. Ordu horretan parrillen aurkezpena egingo dute. Zentzu horretan, mantal berezi bat emango diete parrilladun jatetxeetako ordezkariei orogarri gisa, eta baita plaka bana ere, Zarauzko parrilla dela adierazteko. Horren ondoren, dastaketarako tartea izango da. Ameztigaineko Jon Txokolok Gesalaga etxeko txuletak prestatuko ditu parrillan. Pintxo bakoitza euro bat kostako da, eta pintxoa nahiz edaria–Ariziako sagardoa ala ura aukeran– euro eta erdi.

Goizean Imanol Urbieta udal musika eskolako txistulariekin kalejira egingo dute herritarrek eta haurrentzat eskulan tailerra ere izango da. Hezitzaile baten laguntzarekin, etxeko txikienek mantal zuriak fruitu eta barazkien forma duten tanpoiekin apaintzeko aukera izango dute. Era berean, parrillei buruzko esku orriak ere banatuko dituzte.  Bertan parrillen historia, parrilladun erretegien argazkiak nahiz informazioa bildu dute.
Hotz Zarautz GKEkoak jardungo dute boluntario gisa lanean, eta ekitaldian bildutako dirua haientzat izango da, proiektuak bultzatzen jarrai dezaten.

Menu bereziak

Jaialdiaren ondoren, parrillan sukaldatutako jakiak dastatzeko aukera izango da, herriko hiru jatetxek menu berezia prestatu baitute. Otarrainxkak eta txuleta jateko aukera izango da Ameztigainen, eta otarrainxkak, txibiak eta zapoa ala azpizuna Berazadi Berrin.

Bi menu horiei postrea, kafea eta edariak ere gehitu behar zaizkie.  Amezti Gaineko menua 20 euro kostako da, eta Berazadi Berrikoa, berriz, 26,50 euro. Otzarretan, aldiz, txirlak, olagarroa, erreboiloa, ogitorradak, ardoa eta kafea eskainiko dute, 75 euroan. Aurrez izena emateko gomendatu dute antolatzaileek.