Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna

Erantzuteko ahalduntzen

Aritz Mutiozabal 2017ko aza. 22a, 09:00
Zarauzko Bilgune Feministako kide Jone Alberdi eta Ainara Alkorta (Aritz Mutiozabal).

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte herrian. Ostiralean, esaterako, sare sozialek duten eragina izango dute aztergai Piztu mugikorra eta ireki begiak. Nola eragiten digute sare sozialek? tailerrean.

Gizarte matxista baten barruan baldin bagaude, teknologia berriek ere hori islatu egiten dute, baita sendotzen lagundu ere. Hori garbi ikusten dugu». Zarauzko Bilgune Feministako ki­de gazteak dira Jone Alberdi eta Ainara Alkorta, eta teknologia berriek emakumeengan duten eraginaz hausnartzeko, Piztu mugikorra eta ireki begiak. Nola eragiten digute sare sozialek? tailerra eskainiko dute ostiral honetan; gaztelekuan izango da, 18:00­etan hasi eta 20:30era arte. Bilgune Feministaren ekimenez eta Zarauzko Udalaren laguntzaz,  Zarauzko Sare Feministak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira antolatutako ekintzetako bat da.

Teknologia berrien esparrua kontuan hartuta, halako jarduera bat egitea beharrezkotzat jo dute. «Eguneroko horretan ere indarkeria sufritzen dugu guztiok. Ez bakarrik orain arte esplikatu dizkiguten mutil-lagunaren edo bestearen kontrola... Askotan, gainera, ez dira agerikoak, sare sozialen bidez izaten direlako», dio Jone Alberdik. Arriskua «oso presente» dagoen arren, «gero ez dugu ikusten benetan horren aurrean nola gauden, ezta nola erantzun ere. Erantzun hori ez dugu horrenbesteko eskubiderekin sentitzen, nahiz eta berez badakigun era batera edo bestera erantzuten».

Ainara Alkortaren esanetan, «Facebook, Instagram edota Whatsappetik mugitzen den informazio pilarekin, askotan ez gara kontziente nahigabe jasotzen ditugun argazki, komentario edo beste edozer gauzez». Emango duten tailerrean hori guztia «ikusaraztea» dute helburu: «Kontziente izatea bidaltzen diguten guztia ez dela egia. Manipulazio izugarriak gerta daitezkeela, alegia. Hori hor dago  eta horri nola erantzun aztertu nahi dugu».


«Ezetzaren naturaltasuna»

Bi alderdi nabarmen landuko dituzte tailerrean. Alde batetik, «emakumeok sare sozialen bitartez jasotzen dugun jazarpen hori naturalki gelditzen kostatzen zaigunaz ariko gara. Ez esateaz, eta horretan geratzeaz edo utzi bakean esateaz. Ezetzaren naturaltasuna bultzatu nahi dugu», adierazi dute.

Bestetik, edukietan murgilduko dira. «Azalduko dugu sare sozialek emakume bezala gure alderdi perfekzionista erakustera zenbat edota nola bultzarazten gaiztuzten; erakusleiho bat izango bagina bezala, etengabe geure burua demostratuz. Eta horren kontzientzia ere landu nahi dugu». Bigarren alderdi hori umoretik landu nahi dutela adierazi dute antolatzaileek. «Egoera horiei buelta bat ematen saiatuko gara, gure biktima paperetik aterata. Horretarako meme batzuk egingo ditugu».

Bakoitzak bizi izandako esperientzietatik abiatu nahi dutela azpimarratu du Alkortak, «norberak bizitakoa partekatuz». Ez dute jarduera «oso didaktikoa» izaterik nahi, baizik eta parte hartzailea. «Hortik abiatuta, pixka bat autodefentsaren inguruan hausnartuko dugu; sentitzen ditugun indarkeriak plazaratu, eta ez bakarrik horren nabarmenak direnak, gainerako denak ere bai. Gero, horien aurrean nola erantzun», azaldu du Alberdik. Guztien artean «erantzun alai, barregarri edo ironiko bat euskaraz» sortu nahi dute. «Azkenean, erantzuteko indarra edukitzeko inportantea da jakitea inguruan beste asko ere hor dau­dela, eta indar hori  guztien babesarekin doala», azpimarratu dute antolatzaileek.

Osteguneko jarduera batez ere gazteei zuzenduta dago, «beraien egunerokoan gero eta txertatuago daudelako sare sozialak». Adin tarterik zehaztu ez badute ere, Ba­txilergotik edo 17 urtetik aurrerako emakume gazteei zuzenduta dagoela aditzera eman dute. «Gu baino helduagoak direnek beharbada ez dituzte teknologia berriak hain sarri erabiltzen, eta, aldiz, ikusten genuen geure anaia-arrebek egun osoan dutela presente. Beraz, gazteak erakartzeko zerbait erraza eta gertukoa izan zitekeela iruditu zitzaigun».

Zarauzko Bilgune Feministako hiruzpalau kide berriren ekimenez sortu da Piztu mugikorra eta ireki begiak. Nola eragiten digute sare sozialek? tailerraren ideia. Haien hitzetan: «Teknologia berrien informazio bonbardaketa horretaz asko lantzen ari gara geure ikasketetan. Oso presente daukagun gaia da, eta nahi genion horri begirada kritiko batetik heldu, baina ez betiko ikuspuntu horretatik».

Kontrolaren inguruko prebentzioari buruzko kontzientziazioa badagoela adierazi dute Alkortak eta Alberdik. Hala ere, «jasotzen dugun indarkeria askoz ere zabalagoa dela iruditzen zaigu, eta ez gaituztela jabetzen horretaz. Badirudi inork kontrolatzen ez bazaitu era zuzen horretan, eraso horiek ez daudela».